AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/04 14:57

2022ko uztailaren 14an, Iruñeko (Nafarroa) peñak sanferminetako agurra ospatzen ari zirela, iskanbila bat izan zen Zezen Plazan: peña guztiak plazaren erdian elkartu zirenean, beste pankarta bat zabaldu zuten Mutilzarra peñako kideek, harmailei begira. Tentsioa piztu zen orduan, eta liskar bat izan zen hainbat pertsonaren artean. Iraindu eta jo egin zutela esan zuen Mutilzarrako kide batek, eta Sanduzelai peñako atorra zeraman pertsona bat ikusi omen zuen une horretan. Hala, salaketa bat aurkeztu zuen.

Iskanbila horren ikerketa hasi zen orduan, eta, hori aitzakiatzat hartuta, Sanduzelai peñaren kontra jo zuen Espainiako Poliziak. Peñako zuzendaritzarekin harremanetan jarri eta datu ugari exijitu zizkion: 200 bazkideen izen-abizenak, NAN zenbakiak eta telefono zenbakiak eskatu zizkion, ustez, Mutilzarrako kideari eraso zion pertsona identifikatzeko. Gainera, hori guztia ezkutuan egin zezatela esan zieten poliziek zuzendaritzakoei, eskatu baitzieten ez jakinarazteko bazkideei datuak Poliziari emango zizkiotela.

Ustezko erasotzailea, baina, badirudi identifikatuta zegoela gertakariak izan eta egun gutxira. Bera jarri zen harremanetan salaketa aurkeztu zuen pertsonarekin, barkamena eskatzeko. Gaur bertan egindako adierazpenetan, beraz, argi esan du Sanduzelai peñako presidente Alazne Juarezek: "Jakin nahi duguna da zergatik eta zertarako nahi zituzten gure datu horiek, non dauden orain. Pertsona identifikatuta bazegoen, zergatik jarraitzen zuten bazkide guztien datuak eskatzen?".

Espainiako Poliziak peñako zuzendaritzari egindako presioen eta mehatxuen berri eman du Juarezek, gainera. Hasieran uko egin zioten 200 bazkideen datu pertsonalak polizia-indarrei emateari, eta auzitegien esku utzi zuten informazio hori. Polizia, baina, tematu egin zen berak ere informazio hori guztia eskura izan zezan, eta mehatxu egin zion peñari: bazkideen datuak eman ezean, milioi bat eurorainoko isun bat jarriko ziela esan zien zuzendaritzakoei.

Ahotsa.info-k zehaztu duenez, badirudi La Jarana peñari ere antzeko exijentzia bat egin ziola Espainiako Poliziak garai hartan, bazkide guztien datu pertsonalak masiboki eskatuta.

2022ko gertakarien harira, joan den maiatzean epaitu zituzten bost pertsona, gorroto-delitu bat leporatuta. Epailearen ebazpenak dio, dena den, ez zela inolako gorroto-deliturik egon.

EZ DAGO IRUZKINIK