Mendebaldeko estatuek sarri kriminalizatu, zigortu nahiz debekatu dute Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna, horretarako hainbat urrats legal eginez, besteak beste. Errepresio horren barruan, jopuntuan egon izan da Samidoun; preso palestinarrekiko elkartasunez jarduten duen nazioarteko sarea. Alemanian, adibidez, iaz utzi zuen legez kanpo gobernuak, eta Europako Parlamentura ere eraman zuten Samidouni buruzko eztabaida: "talde terroristen" zerrendan sartzea proposatu zuten.
"Palestina kolonizatzeko proiektua kontsumi dadin, entitate sionistak ez du soilik herri palestinarra Gazan edo Palestinako gainerako herrietan suntsitzea bilatzen, baizik eta baita Palestina aske baten alde sinesten eta borrokatzen jarraitzen duten milioika pertsonen ahotsak desagerraraztea ere", ohartarazi du Euskal Herriko Samidounek. Gogorarazi du 2023ko urriaren 15ean abiatu zutela AEBek eta Kanadak "Samidoun debekatzeko kanpaina", eta Espainiako Estatura ere "testuinguru errepresibo hori iritsi" dela.
Samidounen kontrako neurri errepresiboak Espainiako Estatuan
"Erregimen espainiarraren erakundeek, mugimendu erreakzionarioekin batera, beste pauso bat eman dute", Samidounek azaldu duenez: hainbat militante auzipetzen hasi dira, euren jardun politikoa dela-eta. Beraz, Samidounen kontrako ikerketak ireki dituzte epaitegietan, eta horri "nazioarteko beste espazio batzuetan ikusi ditugun beste estrategia errepresibo batzuk gehitu" dizkiotela seinalatu du sareak.
Besteak beste, aipatu dute "lege-esparruak aplikatu eta prozedurak ireki" dituztela, "adierazpen-askatasunari eta ekintza politikoari mugak jartzeko"; "estrategia buroerrepresiboak eta indarkeria ekonomikoa erabili" dituztela, "protesta-ekitaldietan administrazio-zehapenak ezarriz"; Samidounen kontrako "presio mediatikoa" sortu dutela, hala nola, "desitxuratze masiboaren bidez"; militanteen "monitorizazioa eta jarraipena" jarri dituztela martxan, haien "jarduera politikoetan eta bizitza politikoan", eta Samidounen komunikazio-kanalak zentsuratu eta itxi dituztela, sare sozialetan hain zuzen ere.
"Palestina askatzearen alde lan egiten duen edozein talderen aurkako erasoek kezka eragin behar diete lan politiko emantzipatzailea egiten duten guztiei", iritzi dio Euskal Herriko Samidounek.