Urtarrilaren 25ean, Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo ministroari gutun bat bidali zion Amichai Chikli Israelgo Diaspora-Auzien eta Antisemitismoa Borrokatzeko ministroak. Idatzi horretan, Chiklik argi eta garbi seinalatzen ditu Espainiako Estatuan palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta entitate sionistaren aurka izaten ari diren ekimenak. Zehazki, hainbat kolektibo jartzen ditu jopuntuan: preso palestinarrekiko elkartasunez jarduten duen Samidoun sarea; Masar Badil, Palestinako Bide Iraultzailearen Aldeko Mugimendua; eta Palestinaren Askapenerako Herri Frontea (PFLP, ingelesez) bera.
Ministro sionistak, gutuna irekitzeko, Albaresi gogorarazten dio "Israelek eta Mendebaldeko beste herrialde batzuek", tartean Europar Batasunak eta Espainiako Estatuak, "talde terroristatzat" daukatela PFLP. "Dena den, ikusten ari gara PFLP eta bere adierazpenak modu irekian ari direla jarduten Espainian", esan du Chiklik. Horren adibidetzat jotzen du hainbat palestinarrek askotariko "ekitaldi publikoetan" parte hartu izana edota Bartzelonako udal agintaritzek Layla Khaled gonbidatu izana, "inolako ondoriorik gabe", eta Espainiako Barne Ministerioari edo gobernuaren beste adar batzuei leporatzen die hori guztia baimendu izana.
Horri lotuta, Samidounek antolatutako ekimenei egin die azpimarra ministro sionistak. Palestinarekiko elkartasun sarea kriminalizatzeko, "Juduen kontrako eta terrorismoaren aldeko" adierazpenak egitea egotzi dio; hain justu, Madrilgo mobilizazio batean. Ez du, ordea, akusazio horien inguruko inolako azalpenik eman. Masar Badil mugimendua ere Espainiako Estatuan "jardunean" ari dela dio Chikliren gutunak, eta palestinar erresistentziak urriaren 7an egindako kontraerasoa "publikoki babestea" leporatzen dio mugimendu horri.
Idatzi horretan ere, "antisemitismoa eta horri lotutako izua borrokatzea" erabiltzen dute aitzakiatzat agintaritza sionistek, palestinar erresistentzia eta horrekiko elkartasuna kriminalizatzeko. Ironikoa badirudi ere, Israelgo ministroak "estremismoari" aurre egitera deitzen ditu "munduko demokraziak", eta aitzakia hori erabilita eskatzen dio Espainiako Gobernuari palestinar erresistentziarekiko elkartasuna legez kanpo utz dezala. Hala, "egiazko neurriak" har ditzala exijitzen dio Chiklik Albaresi igorritako gutunean; "Masar Badil, Samidoun eta PFLPren jardueren" kontrako neurriak, hain zuzen ere.
"Ez dute utzi nahi palestinar erresistentzia lotsarik eta konplexurik gabe defendatzen dugunok geure adierazpenak aske egin ditzagun", adierazi du Euskal Herriko Samidounek, agintaritza sionistek egindako azken salaketen eta exijentzien harira.
Samidounen kontrako neurriak Mendebaldean
Aurretik ere kriminalizatu dute palestinar erresistentziarekiko elkartasuna Mendebaldeko estatuetan; hala nola, Samidoun sarea. Urriaren 7an palestinarrek kontraerasora jo eta segituan jo zuten Samidounen kontra hainbat gobernuk eta erakundek: Alemanian, esaterako, legez kanpo utzi zuten elkartasun sarea hilabete horretan bertan, eta Europako Parlamentura ere eraman dute Samidouni buruzko eztabaida.
PFLP legez kontrakotzat daukate, besteak beste, Europar Batasunean, Amerikako Estatu Batuetan eta Britainia Handian.