Palestinarekiko eta palestinar erresistentziarekiko elkartasuna kriminalizatzen jarraitzen dute hamaika masa-komukabidek eta estatu-aparatu polizialek. El Mundo egunkari intoxikatzailearen arabera, Espainiako Estatuko inteligentzia- eta informazio-zerbitzuek jomugan daukate Samidoun taldea; preso palestinarrekiko elkartasunez jarduten duen nazioarteko sarea.
Hedabide horrek dio "Espainian terrorismoan adituak" direnek seinalatu dutela Samidoun, iritzita gero eta errotze "serioagoa" duela Euskal Herrian (2023ko azaroan ekin zion bere jardunari bertan) eta Katalunian.
Ez da Espainiako Estatuan taldea begiz jotzen duten lehen aldia. Aurtengo urtarrilean, Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo ministroari gutun bat bidali zion Amichai Chikli Diaspora-Auzien ministro sionistak. Besteak beste Samidoun jartzen zuen jopuntuan Chiklik, "juduen kontrako eta terrorismoaren aldeko" adierazpenak egitea egotzita.
Gutunean, Albaresi eskatzen zion Palestinarekiko elkartasunari kontra egiteko Espainiako Estatuan: "egiazko neurriak" exijitu zizkion "Masar Badil, Samidoun eta Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen (PFLP) jardueren" aurka.
Palestinarekiko elkartasuna, jazarria nazioartean
El Mundo-ren esanetan, Espainiako Estatukoak ez dira Samidouni begira ari diren zerbitzu sekretu bakarrak: Amerikako Estatu Batuetako eta Israelgo Estatu sionistako zerbitzuen arreta ere aipatu du, jakina.
Alemanian, bestalde, iazko urrian bertan jo zuen Samidounen kontra gobernuak, legez kanpo uzteko. Aitzakia bezala erabili zuen ohiko argudio bat: "Hamasi" eta "terrorismoari" aurre egitea. Badirudi Belgikan eta Kanadan ere eman dituztela taldearen ilegalizaziorako lehen urratsak, argudio manipulatu berdinen pean.
2023ko urrian, Europako Parlamentura ere eraman zuten Samidouni buruzko eztabaida intoxikatua: "talde terroristen" zerrendan sartzea proposatu zuten, iritzita, besteak beste, "Israel suntsitzeko helburu bera partekatzen dutela Samidounek eta Hamasek".
PFLP ere legez kontrakotzat daukate, hala nola, Europar Batasunean, AEBetan eta Britainia Handian.