Salvatore Vespertino, 38 urteko militante anarkista italiarra, otsailaren 15eko goizaldean atxilotu zuen Espainiako Poliziak Vallecasen (Madril). Bizileku ezezagunen batean egon da 2023ko uztailetik, ihes egin behar izan baitzuen Italian zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri ziotenean: CasaPound talde faxistari lotutako Il Bargello liburu-dendaren aurka lehergailuz egindako eraso batean parte hartzea leporatu zioten. 2017ko urtarrilaren 1ean Florentzian izandako eraso horretan, polizia bat larri zauritu zen lehergailua manipulatzen saiatzean.
Vespertinoren atxiloketa nazioarteko lankidetza-operazio baten emaitza da, zeinetan parte hartu duen, esaterako, Italiako Prebentzio Poliziako Zuzendaritza Nagusiak. Vespertinoren ihesaldia izan zenean, Italiako agintaritzek ikerketa bat koordinatu zuten, bere inguruan eta hainbat herrialdetan zituen ustezko harremanetan zentratuta; besteak beste, Espainiako eta Frantziako estatuetan, Suitzan eta Grezian.
2023ko uztailean, Italiako Kasazio Gorteak militantearen aurkako kondena berretsi zuen, eta bost urte, sei hilabete eta egun bateko zigorra betetzeko exekuzio-agindua eman zuen, behin-behineko espetxealdian igarotako denbora kontuan hartuta. Orain, Madrilen atxilotu izanak estradizio-prozesu bati atea ireki dio.