Igande arratsaldean Ertzaintzak hainbat gazteren aurka egindako polizia-operazioa dela-eta, mobilizatzera deitu du Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Gaur arratsalderako antolatu du protesta, Gazte langileon kriminalizazioa borrokatu! lelotzat hartuta. Salburuako kantxetan bertan elkarretaratuko dira, 19:00etatik aurrera.
Euren kabuz 1vs1 txapelketa bat antolatu zuten hainbat gaztek igande arratsalderako, Salburuako Gabriela Mistral futbol-kantxa publikoetan, eta sare sozialen bidez zabaldu zuten hitzordua. Jende ugari bertaratu zen txapelketaz gozatzera, tartean, adin txikiko hainbat. Zenbait orduz inguruan zain egon ostean, Ertzaintza iluntzean sartu zen kantxetara, bertan zeuden gazteen aurkako sarekada bat egiteko. 50 bat ertzain hurbildu ziren, 44 gazte inguru atxikitzeko, miatzeko eta identifikatzeko.
Hasieran, ez Eusko Jaurlaritzak ez Ertzaintzak berak ez zuten argitu zerk bultzatu zuen operazioa. Gerora, gertakariek haserrea sortu zutela ikustean, Segurtasun Sailak ohar baten bidez eman zuen ustezko arrazoiaren berri: "prebentziozko" esku-hartze bat izan omen zen, "gazte-bandetako kideen presentzia posibleagatik". Bertan egon ziren gazteetako batzuek, baina, garbi azaldu zioten Gasteiz Hoy hedabideari: "Une oro jolasean ibili gara, inolako arazorik gabe, poliziak hori gelditzeko eta gu miatzeko bertaratu diren arte. Eta ez dute inor ezerrekin harrapatu".