Zuen proiektua, gure miseria lelopean, Stop Variante Las Karreras plataformak manifestazio bat antolatu du ostiral honetarako, hilaren 28rako. 19:00etan hasiko da Las Carrerasko (Abanto, Bizkaia) Maria Auxiliadoratik, eta antolatzaileen asmoa da ezezko argi bat ematea auzoan egin nahi duten saihesbideari. "Saihesbide honetarako proposatutako trazadura berriak, berriz ere, ingurumen- eta gizarte-inpaktu konponezina izango du; funtsezko berdeguneak suntsituz, kutsadura eta zarata areagotuz eta tokiko biodibertsitateari larriki eraginez", plataformako kideen hitzetan.
2023an sortu zuten Stop Variante Las Karreras, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako planak herritarren artean sortutako desadostasunaren erakusle. Proiektuaren aurka aurkeztu ziren helegite guztien ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Natur Ingurune Sailak beste plan bat idazteko eskatu zion Azpiegitura Sailari, baina plataformak seinalatu du "aurreko planteamenduaren ezaugarri bertsuei eusten" diela proiektu berriak; eta bere horretan mantentzen direla "gure ingurunearentzat eta bizi-kalitatearentzat kaltegarriak diren ondorioak".
"Gure udalerria gehiegi ustiatu dute, Meatzaldea gehiegi ustiatu digute. Eta, orain, beste behin ere, enpresa handiei mesede egiteko geratzen zaizkigun berdeguneak kendu nahi dizkigute", ohartarazi dute agerraldian. Gainera, salatu dute "Euskal Herri osoan zehar enpresa handiei zuzendutako makroproiektu ugari sustatzen ari direla", "diru publikoarekin finantzatzen direnak". Iritzi diote, hala, "gure herria eta ingurunea defendatzea erantzukizun partekatua" dela: "Ezin diegu gure partez erabakitzen utzi, ez behintzat gu entzun gabe. Atera gaitezen kalera eta erakuts dezagun gure lurrak, gure historiak eta gure etorkizunak axola digutela".