AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/05 11:29

Defentsa Kolektiboa (Défense Collective, frantsesez), Rennesen jarduten duen errepresioaren kontrako talde bat, legez kanpokotzat jo du Frantziako Gobernuak. Ministroen Kontseiluak joan den asteazkenean eman du erabakiaren berri. Gérald Darmanin ministroak otsailean jakinarazi zuen, Rennesera egindako bisita batean, irekita zegoela taldearen kontrako prozedura bat.

Defentsa Kolektiboa legez kanpo uzteko, ustezko hainbat arrazoi atera ditu mahaira gobernuak. Besteak beste, leporatzen dio "altxamendu" batera deitzea, "kapitalismoaren sinboloak kritikatzen dituen diskurtso ideologiko bat babestea", "kapitalismoaren kontrako diskurtso bat" daukan komunikabide batekin harremana izatea, eta "ordezkaritza instituzional orori uko egitea".

2016an ekin zion lanari Defentsa Kolektiboak, Rennesen bertan, errepresio polizialaren eta judizialaren aurka. Hala nola, mugimendu sozialetan parte hartu eta errepresioa jasan duten pertsonei babesa ematen die taldeak, eta norabide horretan aritu da borrokan azken urteetan, askotariko kanpainen bidez.

Erretreten erreformari aurre egiteko edota Poliziak Naël gaztea erail izana salatzeko mobilizazio-olatuaren ostean, askotarikoak izan dira Frantziako Gobernuaren eraso autoritarioak. Révolution Permanent atariak gogorarazi duenez, CGTko mila kide inguru daude jopuntuan pentsioen erreformaren kontrako protesten harira.

Bestalde, azken hilabeteetan, legez kanpokotzat jotzeko prozedurak jarri dituzte martxan Lyongo eta Inguruetako Talde Antifaren (Groupe Antifa Lyon et Environs, frantsezez) eta Lurraren Altxamenduen (Soulèvements de la Terre, frantsesez) kontra, esaterako. Palestinarekiko elkartasunez egindako mobilizazioen testuinguruan, gainera, Samidoun eta Europalestine ere seinalatu ditu gobernuak.

EZ DAGO IRUZKINIK