AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/23 08:25

Joan den igande goizaldean, Al Jazeera komunikabide qatartarrak Ramallahn (okupatutako Zisjordanian) daukan bulegora indarrez sartu ziren militar sionistak, armaturik eta, gehienek, aurpegia estalirik. Bertako zuzendari Walid Al Omarik jakinarazi duenez, bulegoa gutxienez 45 egunez itxi dezatela agindu du gobernu sionistak, eta agindu hori betearaztera joan ziren soldaduak.

Al Jazeera-k zuzenean eman zuen soldaduen esku-hartzea. Ramallahko bulegoa zarratzearekin batera, bertako ekipamenduak suntsitu edota eraman zituzten militarrek. Zenbait iturriren arabera, agintaritza sionistek "terrorismoa sustatzea eta babestea" leporatu diote zentsuratutako komunikabideari, baina ez dituzte akusazio horren nondik norakoak argitu.

Besteak beste, palestinarren kontrako sarraskiaren eta sionisten erasoen berri emateagatik da ezaguna Al Jazeera. Israelgo Estatu genozida Gazan egiten ari den masakrea, esaterako, etenik gabe eman du telebista-kateak.

Ramallahko erasoaren aurretik ere jo zuten hedabidearen kontra sionistek: joan den maiatzean, Al Jazeera-k Jerusalemen zuen bulegoa zarratzea erabaki zuen Israelgo Estatuko gobernuak, eta bere mendeko eremuan telebista-katea ematea debekatu zuen. Beste akusazio batzuen artean, "soldadu israeldarren kontrako" jarrera sustatzea egotzi zioten.

Hedabidearekin lotura zuten kazetari ugari, gainera, erail egin dituzte Gazako Zerrendan, bertako egoeraren berri ematen ari zirela.

Sionisten zentsura

Israelgo Estatua, besteak beste Mendebaldeko gobernuen konplizitatearekin, kosta ahala kosta ari da Palestinako gatazkaren inguruko bere kontakizun manipulatua inposatu nahian. Eta, lan horretan, zentsura ezartzen ari da Gazako edota Zisjordaniako gertakarien berri ematen ari diren hamaika komunikabideri eta atariri.

Horri lotuta, lege polemiko bat onartu du aurten gobernu sionistak: "atzerriko" hedabideak ixteko eta zentsuratzeko aukera izatea, Gazako Zerrendako bere operazio militarrek irauten duten bitartean. 45 egunerainoko itxierak ezar ditzake Israelgo Estatuak, eta komunikabideen ekipamenduak lapur ditzake, irizten badu arriskuan dagoela "estatu-segurtasuna".

Azken hilabeteetan, hamaika izan dira Gazako Zerrendara sartzea debekatu dieten atzerriko kazetariak eta hedabideak, eta asko eta asko hil dituzte sionistek lur horietan. 100 kazetari palestinar baino gehiago hil dituzte Gazako Zerrendan urriaren 7tik hona.

EZ DAGO IRUZKINIK