AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/09 12:03

Joan den uztailaren 31n, Lizarrako (Nafarroa) jaiak hasi baino egun bat lehenago, Beef D'Alda kanta plazaratu zuen Raimundo El Canastero musika-taldeak, herriko udala kritikatuz. UPN dago gobernuan, eta festak hasteko hilabete geratzen zenean, txosnak ohiko tokian jartzea debekatu zuen. Autobus-geltokiko aparkalekuan antolatu izan dute txosnagunea azken 28 urteetan, baina udalak San Benitora mugiarazi nahi zituen.

Lizarrako txosnen antolatzaileek salatu zutenez, txosnak "dinamika sozialetik urruntzea eta isolatzea" bilatzen zuen udal gobernuak, bai eta horiek "erreferentzialtasuna eta bideragarritasun ekonomikoa" galtzea ere. Hori ez ezik, La Bota elkartearen txosna ere ohiko lekuan jartzea debekatu zuen UPNren udalak.

Testuinguru horretan sortu zuten Beef D'Alda abestia Raimundo El Canasteroko musikariek, udalaren debekuen eta autoritarismoaren aurka.

Salaketa eta atxiloketa

Uztailaren 31n, gaueko 21:00etan argitaratu zuten abestia, eta handik bi ordura salatu zuen taldeko abeslarietako bat Lizarrako Udaltzaingoak. Hortaz, hurrengo egunean, atxilotu modura bertaratu behar izan zen polizia-etxera. Deklaratu eta aske utzi zuten.

Abeslari horrek, hala ere, ez zuen abestian parte hartu, oporretan zegoen-eta. Taldekideen ustez, "inolako ikerketarik egin gabe" atxilotu zuen musikaria Poliziak, eta Raimundo El Canasteroko "aurpegirik ezagunena" izateagatik bakarrik deitu zuten deklaratzera.

Udaleko alderdi guztien konplizitatea

Lizarrako Udalak taldea "beldurtzeko" asmoa duela nabarmendu dute kideek. Izan ere, Beef D'Alda abestiaren harira, ezohiko bilkura batera deitu zuen udalbatza UPN alderdiak; aipatutako musikaria deklaratzera deitu zuten egunean bertan.

Gaiaz eztabaidatu ondoren, alkateak mozio bat aurkeztu zuen, kantako hitzak salatzeko eta Raimundo El Canasteroren aurkako prozesu penal bat abiatzeko. UPNk zein PSNk mozioaren alde egin zuten. Elkarrekin-Podemos, EH Bildu eta Geroa Bai abstenitu egin ziren.

Zentsura saiakera Tafallan eta Zizurren

Uda honetarako, Raimundo El Canasterok Tafallako (Nafarroa) jaietan jotzea hitzartu zuen bertako udalak. Dena den, Lizarran gertatutakoa zela-eta, zentsura-mozio bat aurkeztu zuen UPNk abuztuaren 7an, kontzertua zapuzteko asmoz. Kontzertuari buruzko kontratua bertan behera gera zedila eskatzen zuen mozioak.

Amaya Urduña UPNko bozeramaileak argudiatu zuen "Lizarrako alkatearen aurkako heriotza-mehatxuak, irainak eta adierazpen matxistak" egin zituela musika-taldeak. Zentsura-mozioak huts egin zuen, ordea, ez zirelako nahikoa izan UPNren eta PSNren zortzi botoak. Hala, abuztuaren 18an, Tafallako Foruen Plazan eman zuen kontzertua Raimundo El Canasterok.

Zizurko Udalak ere, horren guztiaren aurretik, kontzertu bat proposatzeko deitu zion musika-taldeari. Emanaldia erabat hitzartu ez bazuten ere, udalak atzera egin zuen gero, taldearen kontrako jazarpena hasi zenean. Kontzertua bertan behera uzteko mozio bat aurkeztu zuen UPNk udalean, eta hura babestu zuten Geroa Baiko zinegotziek. EH Bildu abstenitu egin zen, Lizarran bezala.

Beste lau kide ere deklaratzera deitu dituzte

Abuztuaren 19an, Raimundo El Canasteroko beste lau kide deitu zituen deklaratzera Lizarrako Udaltzaingoak. Beste behin ere, oporretan zeuden pertsona horiek, eta herrira itzuli behar izan ziren, kanta baten letrak direla-eta polizia-indarren aurrean deklaratzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK