AKTUALITATEA / Etxe-kaleratzeak
Putre funts bati 2.500 hipoteka saldu dizkio Kutxabankek
Irlandako Zima Finances funtsak eskuratu ditu 2.500 hipoteka-maileguak; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril nahiz Malagakoak dira. Horren ondorioz, haien ohiko etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude hainbat eta hainbat familia.
2022eko urriaren 7
Putre funts bati 2.500 hipoteka saldu dizkio Kutxabankek
— ARGAZKIA Xalba Ramirez/Irutxuloko Hitza

Kaleratzeak Stop plataformak agerraldi bat egin zuen atzo Donostian (Gipuzkoa), eta modu horretan eman zuen Kutxabanken azken mugimenduaren berri: 2.500 hipoteka-mailegu saldu dizkio Irlandako Zima Finances putre funtsari, guztira, 240 milioi euroko balioa dutenak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Malagan zein Madrilen daude hipoteka-mailegu horiei lotutako jabetzak.

Kaleratzeak Stopeko kideek azaldu dutenez, ohiko etxebizitzak dira jabetza horietako asko. Hala, une honetan, etxegabetuak izateko arriskuan daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familia ugari: haien "egoera ekonomiko prekarioa" dela-eta, ezin izan dituzte kuotak ordaindu, eta EAEko epaitegietan martxan daude haiek kaleratzeko eskaerak. Plataformak zehaztu du, adibidez, etxegabetuak izateko arriskuan daudela Donostiako (Gipuzkoa), Goierri eskualdeko nahiz Gasteizko (Araba) zenbait familia).