Gazte Koordinadora Sozialista sortu dute, gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko

Klase batasuna eta independentzia politikoa oinarri hartuta aurkeztu dute Gazte Koordinadora Sozialista, Gasteizko Auzolana pilotalekuan. Sozialismoaren bidean ekarpena egiteko asmoz erdietsi dute koordinadora.
Argazki Nagusia
Gazte Koordinadora Sozialistaren aurkezpena, Auzolana pilotalekuan. Argazkia: Gedar
2019ko otsailaren 17a

Gasteizko (Araba) Auzolana frontoian aurkeztu dute gaur, otsailak 17, Gazte Koordinadora Sozialista. Euskal Herriko hamaika bazterretatik bertaratutako gazteak elkartu dira ekitaldian, GKSren jaiotzari babesa adierazteko.

Ildo politiko sozialistaren aldarrikapenarekin eta defentsarekin eman diote hasiera aurkezpenari. Izan ere, GKS osatzen duten gazteak batzen dituen hautua, "sozialismoaren defentsa" dela baieztatu dute. Helburua, beraz, dominazio burgesa eta zapalkuntza forma ezberdinak gainditzea dela azaldu dute.

Gogoan izan dituzte sistema kapitalistak zapaldutakoak, eta bereziki goraipatu dituzte  zuzengabekeria horien aurrean altxatzen direnak. Hala, Euskal Herrian zehar sortzen ari diren adierazpen politiko sozialistekin itxaropentsu agertu dira gazteak. Zehazki, "gaztetxeen borroka esperientzia eredugarriak, ikasleen borrokak, klase feminismoaren gorakada eta teoria iraultzailearen lanketa eta hedapena" aipatu dituzte.

Emaitza

GKS esperientzia horietan guztietan "hezitako eta hazitako militanteen emaitza" dela adierazi dute gaur, horiek guztiak indartzeko helburuarekin jaio dena. Horretarako, aipatutako gaitasun eta espresioek aurkitzen dituzten mugak gainditzeko baldintzak jartzea izango dute ipar.

Zailtasunez jakitun, helburuak erdiesteko, ezinbestekotzat jo dute klase batasunaren egikaritzea. Hori lortzeko, langile klasearen independentzia politikoa bermatuko duten antolakunde politiko propioak beharrezkoak direla uste dute.

Gazte problematika

Gazte problematikaren auziari dagokionez, eta hori klase problematikari heldu gabe ebatzi ezin den auzia dela nabarmenduta, haren "lanketa politikoa" egitea eta "kultura eta ildo sozialista garatzeko langile instituzioak sortzea" jarri dituzte eginbehar nagusien artean. Bestalde, aipatutako eginbeharrek "langile klasearen defentsari eta langile boterearen ekoizpenari" erantzuten diotela ere argitu dute.

Bukatu aurretik, azpimarratu dute funtsezkoak direla "harreman eredu komunisten garapena, borroka komunitatearen indartzea, izaera kritikoa eta sakontasuna lantzea, proletalgoaren defentsa eta babesa egitea, kultura sozialista berpiztea, instituzio proletarioak hedatzea, teoria iraultzailea lantzea, intsumisioa gauzatzea, edota ospakizun eredu politiko berria sortzea", besteak beste.

Hala, borrokarako deia luzatu dute, "egungo miseria kapitalistaren aurrean, botere sozialista eratzearen beharrean" berretsiz.

(Aurkezpen komunikatua osorik irakurgai, hemen)