Elkartasun uholde-betean, itxieraren kontra borrokan segitzen dute Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako langileek. Nafarroako Gobernuko, Espainiako Gobernuko eta Alemaniako multinazionaleko ordezkariak elkartzen dituen hiruko mahaiak gaur izan du beste bilera bat, eta hori probestu dute beharginek beste behin ere euren aldarriak indartzeko: eguerdian, elkarretaratze handi bat egin dute fabrikako atarian, BSH ez itxi! lelopean.
700 bat langile dira Ezkirozko lantokian, eta enpresako zuzendaritzak abenduan jakinarazi zuen fabrika behin betiko itxi nahi duela. Baina badirudi gaur, Nafarroako eta Espainiako gobernuetako ordezkariekin biltzean, lantegia "berriz industrializatzeko" konpromisoa hartu duela multinazionalak; hala jaso dute, behintzat, zenbait komunikabidek. "Bide posible ugari" aztertuko omen dituzte, elektrodomestikoak ekoizteko fabrikaren balizko etorkizunari begira.
Itxieraren mamua, baina, izugarria da plantillan. Abenduan itxiera-asmoen berri izan eta Gabonetako oporraldiaren ostean, BSHko zuzendaritzak langileei exijitu zien "normaltasunez" itzul zitezela euren lanpostuetara, nahiz eta ageriko sekretu bat izan ekainean zarratu nahi zuela lantokia. Hala ere, beharginek mobilizazio indartsuak egin dituzte eta elkartasun handia jaso dute, eta ikusteke dago nola jokatuko duen orain enpresak.