AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / UGT Nafarroa
2024/11/07 18:55

Gaur egun 377 langile ari dira soldatapean Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui lantegian, baina arriskuan daude lanpostu horiek. Hala, ezinegona zabaldu da beharginen artean, enpresaren likidazioa ziurra ez den arren, hartzekodunen konkurtso batera deitu duelako zuzendaritzak. Antza denez, bi hilabete eman ditu enpresak inbertitzaile bila, baina ez omen du halakorik aurkitu. "Finantza-egoera berregituratzeko beharra" argudiatu du.

Badirudi 48,8 milioi euroko zorra pilatu duela enpresako zuzendaritzak. Horietatik 8,9 milioi euro hornitzaileei dagozkie, eta finantza-zorrari lotutakoak dira beste 39,9 milioi euro. Nafarroako beste enpresa batzuk ere kaltetu ditu egoerak, gainera. Sunsundeguiren hornitzaileetako bat izanda, Etxarri Aranatzeko eta Olaztiko Azkenga lantokien itxiera bultzatu zuten urrian, eta 39 behargin kaleratu zituzten ondorioz. Altsasuko DelCar enpresak ere kanporatu ditu hainbat behargin, Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) salatu duenez.

Langileen batzordearen esanetan, Sunsundeguik 400 lanpostu berri sortzeko aukera aztertu zuen duela hilabete gutxi. Orain, berriz, ixteko arriskuan dago fabrika. Langileei aldi baterako espediente bat aplikatu die zuzendaritzak, jarduna geldituta. Sindikatuek azpimarratu dutenez, kezka da nagusi: egoerak "langileen eta haien familien artean ezinegona besterik ez du sortzen".

Langileen etorkizuna arriskuan

Sunsundeguiko zuzendaritza eta Espainiako eta Nafarroako gobernuak seinalatu ditu Sakanako LASek. Bere hitzetan, "zuzendaritza eta hainbat politikari profesional, tartean Javier Ollo, Maria Chivite edo garai hartan Espainiako Gobernuko Industria ministroa zen Hector Gomez, harro agertzen ziren [enpresako] argazkietan". Orain, ordea, badirudi zarratzeko bidean jarri dutela lantegia.

Iazko maiatzean aurreakordio bat sinatu zuen Sunsundeguik Volvorekin, ustez, hurrengo urteetako jarduera bermatzeko. Kontratua bertan behera geratu zen, baina. LASek seinalatu duenez, "ondorioak betiko berberek pairatzen dituzte, langileek", eta "politikari eta enpresaburu bat bera ere ez da aurpegia ematera atera". 

Hala, orain arte, "ehunka langileren lanari eta kanpoko finantzaketari esker" poltsikoratu ditu sekulako irabaziak enpresako zuzendaritzak. Baina orain, ia 50 milioi euroko zorra pilatu ondoren, "langileak dira beren etorkizuna arriskuan ikusten dutenak". LASek ohartarazi duenez, hala ere, honakoa ez da kasu bakarra: beharrezkotzat jo du "irtenbide indibidualak" alboratzea eta "langile-klase antolatuaren gaitasunetan konfiantza izatea".

EZ DAGO IRUZKINIK