Ordena Publikorako Lege berri bat ezarri dute igande honetan Erresuma Batuan, Suella Braverman Barne ministroak bultzatuta. Azken asteetan kaleetan izan diren zenbait protesta ekologistaren ostean sartu dute indarrean araudi berria. Besteak beste, karriketako protesten aurrean are modu autoritario eta zapaltzaileagoan jokatzeko eskumen gehiago eman dizkiete polizia-indarrei.
Aurrerantzean, poliziak ahalmen handiagoa izango du komunikatu eta baimendu gabeko protestak itotzeko. Orain arte, ibilgailuen zirkulazioa edo oinezkoen bidea oztopatzen bazuten, esku hartzeko ahalmena zuten poliziek. Hemendik aurrera, ordea, zirkulazioa edo bidea zailtzen ez badute ere, esku hartzeko eta protestak desegiteko aukera izango dute.
Talde ekologistek erabili ohi izan duten beste protesta-ekintza bat, "tunelak egitea", aurrerantzean zigortu egingo dute, gainera. Energia-instalazioetara sartzeko, segurtasun-hesien azpitik lurra zulatzeari deitzen diote "tunelak egitea". `Araudi berriaren arabera, protesta egiteko modu horretara jotzen duten manifestariek, hiru urterainoko kartzela-zigor bati egin beharko diote aurre. Tunelak egiteko materiala daukatenei ere jarri ahalko dizkiete zigorrak, sei hilabeterainokoak.
"Duela aste batzuetatik gure kaleetan ikusten ari garen kaosa eskandalu bat da, horregatik eman dizkiet gure agenteei manifestari horien aurka azkar jarduteko behar dituzten botereak", adierazi du Bravermanek.