Atzo, abenduaren 6an, hamalau urte bete ziren Atenasko polizia-agente batek Alexis Grigoropoulos erail zuenetik, hamabost urte zituela. Exarchia auzoan hitzezko liskar bat izan zuten hainbat gaztek eta poliziak; orduan, pistola atera eta jende artera tiro egin zuen agenteak. Tiroetako batek bihotzean eman zion Grigoropoulosi. Erailketak polizia-bortizkeriaren kontrako protesta masiboak piztu zituen Grezian 2008an, eta gazte belaunaldi oso bat markatu zuen. Ordutik, gorriz azpimarratutako egun bat da Grezian abenduaren 6a.
Aurreko urteetan bezala, beraz, protesta jendetsuak izan ziren Grezian atzoko egunez, polizia-indarren bortizkeria jopuntuan jartzeko eta Grigoropoulos beste urte batez oroitzeko. Atenasen bertan milaka pertsona atera ziren kalera. Syntagma plazara hurbildu ziren manifestariak momentu batean, besteak beste, "oraindik ez dugu azken hitza esan, egun hauek Alexisenak dira" oihukatuz. Poliziak hartuta zeukan plaza, dena den, han dagoen Gabonetako zuhaitz erraldoia ari baitzen zaintzen. Izan ere, 2008ko protestetan su eman zioten plaza horretan zegoen zuhaitzari.
Atzo, liskar handiak izan ziren Atenasko karrika ugaritan mobilizazioen ostean. Hiriko zentrora 5.000 polizia-agente inguru bertaratu ziren, eta bide nagusiak zarratu zituzten. Gau osoan zehar izan dira istiluak protestan ari zirenen eta polizien artean.
Aurtengoa, gainera, ez da edonolako urteurrena izan, beste gertakari odoltsu batek kolpatu baitu Grezia osoa duela bi egun. Astelehenean polizia-agente batek burura tiro egin zion Kostas Fragoulis izeneko gazte ijitoari. Hamasei urte ditu, eta antza, Tesalonikako gasolindegi batetik alde egin zuen 20 euro ordaindu gabe. Atzetik jarraitu zion poliziak, eta gaztearen kontra tiro egin zuen. Zuzenean buruan jo zuen baletako batek.
Berehala piztu ziren protestak Tesalonikan nahiz Atenasen, eta Grigoropoulos oroitzeko atzoko protestetan erabat presente izan zuten Fragoulis. Erromani komunitateko gaztea tirokatu zuen polizia-agenteak atzo deklaratu zuen epaitegi batean, hilketa saiakera leporatuta, eta protestak izan ziren epaitegi aurrean nahiz Kalochoriko beste puntu batzuetan. Zenbait kale moztu zituzten hainbat pertsonak, eta barrikadak jarri zituzten. Gogor oldartu zen polizia protestan ari zirenen kontra.
Dirudienez, egoera larrian jarraitzen du gazteak, ospitalean. Erietxe aurrean ere izan dira protestak, eta haien kontra ere gogor egin du poliziak.