Hitz egiguzu SEPCren inguruan. Zein da bere papera Esquerra Independentistaren barruan?
Cesar Chaparro: Esquerra Independentistaren proiektu politikoa ezin da ulertu ez bada Herrialde Katalanetako problematika oro lantzen duen proiektu gisara. Horien barruan kokatzen dira etxebizitzaren auzia, Lurraren suntsiketarena, zerbitzu publikoena, eskuin muturraren gorakadarena, eta abar. Eta badakigu, finean, kapitala erdigunean jartzen eta bizitza baztertzen duen sistema baten interesei erantzuten diela horrek guztiak.
Bitasun hori mantentzeko kapitalaren tresnetako bat hezkuntza da; merkatu interesen araberako oinarriak txertatuz (lehiakortasuna kasu), generoen arteko desberdintasuna eta familiari eta bere egituraketari dagokionez arau bat definituz, norbere buruaren gaindipena helburu duen subjektu bat sortuz, eta abar. Borrokatuak izan beharra duten mekanismo sorta oso bat. Eta SEPC da hezkuntza berreskuratu nahi duen antolakundea, haren merkantilizazioaren aurkako borroka eginez eta langile klasearen mesederako alternatibak eraikiz.
Herrialde Katalanetarako hezkuntza eredu propioa eraiki nahi duzue, bost ardatzen baitan: hezkuntza publikoa, katalana, antipatriarkarra, kalitatezkoa eta herritarra. Zein dira zuen proiektua horrela definitzera eraman zaituzteten hausnarketak?
C. C: Batetik, uste dugu hezkuntza publikoa dela merkatuarekiko mendekotasunik ez duen hori; aurretiaz aipatutako interesei erantzuten ez diena, alegia. Horretarako, doakoa izan behar dela deritzogu, ikasketa planak beren interesera moldatuko dituzten enpresen esku hartzerik gabea eta langile klasearen osotasuna bertara sartu ahalko dena. Eta hori lortzeko, kalitatea ere oinarrietako bat izan behar da; izan ere, eskaera sozialei erantzungo dien hezkuntza publiko bat nahi badugu, horretarako gai izango den egitura bat behar dugu. Alde horretatik, eliteak arduratu dira jada hezkuntza publikoa kalitatezkoa izan ezin dela sinetsi dezagun, baina hori, errealitatea baino, haien asmoen adierazpen soila da.
Hezkuntza herrikoiari dagokionez, aipatu dut lehenago ere eskaera sozialei erantzuteko ideia. Hezkuntza gure herrialdearen zerbitzura egon behar da, ez enpresen zerbitzura. Horretarako, unibertsitate isolatu eta akademikoa, gizartean eragin bai baina gizarteak bertan eragiten ez duena, desagertu egin behar da langile klaseak eta langile klasearentzako egindako hezkuntzari bide emateko.
Hori hala izan dadin, kataluniera hartu behar dugu hezkuntzaren oinarri izango den hizkuntza eta kultura gisara, eta feminismoa, bizitza berriz ere erdigunean jartzeko. Hau da, hezkuntza tresna askatzaile modura ulertuta, katalunieraren defentsaz eta bizitza erdigunean jartzeaz ez hitz egitea, hain zuzen, gizarteari eta bere beharrei kasurik ez egitea litzateke.
Nola barnebiltzen da programa hori Kataluniako procés-aren barruan eta zein dira Herrialde Katalanetako gainontzeko lurraldeetarako mahai gainean dituzuen proposamenak?
C. C: Procés-arentzat gotorleku oso baliotsua izan dira unibertsitateak. 2017. urteko urriaren 1eko erreferendumean, erantzun masiboak eta informazio eta eztabaidarako zentroak antolatu genituen, eta hori izan zen herritarren erantzunaren oinarrietako bat. Bestalde, gizartean unibertsitateek duten pisua kontuan izanik, unibertsitate guztiak behartu genituen posizionatu zitezen, bai urriaren 1ean, baita 2019. urteko urriaren 14ko epaien kasuan ere.
País Valenciàri eta Mallorcari dagokienean, koiuntura politikoa oso desberdina da. Batean, eliteek kataluniera nola desagertarazi nahi izan duten ikusi dugu, baina gu izan gara erresistentzietako bat. Lurraldeko beste antolakunde batzuekin batera, katalunieraren beharra defendatu dugu kohesio sozialerako tresna gisara, baita balio feministen barneratzea era transbertsalean eta hezkuntza publikoaren eta erakunde pribatuen arteko independentziaren beharra ere.
Mallorcan ere ikusten dugu kapitalismo basatiak lurraldea suntsitu nahi duela, aireportua handituz, adibidez. Unibertsitateetatik, uharteko gainerako gizarte mugimenduekin batera egiten dugu borroka lurraldeari egindako eraso horiek saihesteko. Azken batean, ezberdintasunak egiten ditut lurraldeen artean, baina SEPCn uste dugu arazoak berdinak direla; lurralde bakoitzean problematika horiek estadio ezberdinetan kokatzen dira, ordea.
Adierazgarria da Katalunian, bereziki, unibertsitate pribatuen eta publikoen arteko eskaintzan aurkitu daitekeen desberdintasuna: 14 unibertsitate pribatu eta bederatzi publiko. Zein da goi mailako hezkuntzaren erradiografia eta zein ondorio ditu horrek bigarren hezkuntzan?
C. C: Hainbeste unibertsitate pribatu egoteak baina oraindik publikoak mantentzeak zerbitzu publiko bat egon badagoela esaten jarraitzeko beharrari erantzuten dio, horien baldintzak nolakoak diren kontuan hartu gabe, baina, de facto, hezkuntza gero eta pribatizatuago egotea eraginez. Pribatutasunaren inguruan hitz egiten ez bada ere, Kataluniako politika ulertzeko funtsezko oinarria da.
Hori ez da horrenbeste graduetan islatzen, masterretan baizik. Graduondoko desberdinak egiteko beharra sortu digute, baina horiek, oro har, pribatuak dira. Hala, beste oztopo bat sortzen da, unibertsitatean sartzeko probaren eta unibertsitate graduaren berezko kanporatzeaz gain.
Bigarren hezkuntzaz ere hitz egiteko aukera ematen dit horrek: eskola kontzertatu pribatu kopuruak bere horretan edo hazten jarraitzen du eskola publikoak ixten diren bitartean. Krisiaren hasieratik eman den bilakaera aztertzen badugu garbi ikus dezakegu hori. Horrek frogatzen du bigarren hezkuntzan dagoen interes pribatu horri eutsi nahi zaiola, unibertsitateko hezkuntza pribaturako sarbide gisa.
Modu horretan, ziurtatu egiten duzu eredu kapitalistak erreproduzituko direla, langile klasea elkartu ez dadin klasearen araberako segregazio soziala emango dela, eta ez dela jakintzarik irakatsiko, ikasketa metodoak baizik, sistemak ematen dizuna erabili ahal izateko, hura zalantzan jarri beharrean. Beraz, bigarren hezkuntza merkantilizatzeak unibertsitatearen merkantilizazioan arazo bat ez ikusteko bidea irekitzen du.
Hezkuntza sarearen pribatizazioaz gain, badira ikasleei eragiten dieten beste hainbat problematika ere, esaterako, Bartzelonako edo Valentziako etxebizitzen alokairuen egoera. Otsailean aurkeztu zenuten #TanquemElNegoci dinamika problematika horiei erantzuteko. Hitz egiguzu dinamikaren inguruan.
C. C: Ziklo politiko berri baten hasiera izan zen hezkuntzaren merkantilizazioaren aurkako kanpaina. Urte asko daramatzagu matrikulak jaisteko borrokan, eta behin ziklo hori gainditu ostean, erabaki dugu aurrerapauso bat ematea eta langile klaseko ikasleei eragiten dieten arazo guztiak aztertzea: etxebizitza, materiala, garraioa, matrikulak, praktikak, eta abar.
Hasierako fasean gaude, arazo horiek ikustarazten ditugu eta alternatiba bat posible dela erakusten dugu. Datozen urteetan, eskaera horiek garatzen jarraituko dugu, ikasleen eskaera zehatzak zein diren planteatuko dugu unibertsitatera sartu ahal izan daitezen eta, behin barruan daudenean, ez dezaten bizitza prekario bat izan sistemak orain dituen gabezia guztiengatik.
Dinamika horri gehitu behar zaizkie lehenagoko ekimenak ere, esaterako, Unibertsitateetako Ekimen Herritar Legegilea. 50.000 sinadura bildu zituen egitasmoak tasen igoeraren aurka, eta neurria parlamentuan sartzear da. Zein izan dira dinamikak utzi dizkizuen irakaspenak?
C. C: Iazko irakaspenik garrantzitsuenetako bat izan da ikasleon problematika problematika soziala dela. HEL hori bultzatzen genuen antolakundeetako bat ginen, baina errealitatean 60 erakunde baino gehiago daude gizarte plataformen, ikasleen antolakunde eta asanbladen, alderdi politikoen eta langileen sindikatuen artean. Horrek frogatzen du gizartea bere osotasunean arduratzen dela hezkuntza publikoa izan dadin.
Bestalde, ikusi dugu parlamentura hurbildu garenean gobernuak erreakzionatu duela eta gure borrokaz jabetzen saiatu dela, aurrekontuetan tasen %30eko beherapena sartuta. Ez da ikasleen eskaerak desitxuratzen diren lehen aldia eta, parlamentuko agenda politikoan egon arren, zuhurrak eta kritikoak gara.
Amaitzeko, HELetik atera dugun beste gauza positibo bat ikasle mugimendua ikasgeletako eta kaleetako borrokari esker gauzagarriak diren aldaketa proposamenak egiteko gai dela ikustea izan da. Hau da, sistema aldatzeko, osagai instituzionalarekin egin daitekeela frogatzen da, baina grebarik gabe, mobilizaziorik eta horien ondoriozko mediatizaziorik gabe, ezin da garaipenik lortu.
Ikasle Autodefentsa Sareen lana eta UIBren borroka Euskal Herriko ikasle mugimenduaren azken urteetako garaipenen ikur bilakatu dira. EHUko barne arautegiaren 12.2 artikuluaren aurkako borroka edo Orixe (Tolosa, Gipuzkoa) eta Eunate (Iruñea, Nafarroa) ikastetxeetan bigarren hezkuntzako ikasleek autodefentsa sareen bidez abiatutako borrokek agerian utzi dute ikasle mugimenduaren eraginkortasuna, antolakuntza ereduari zein aldarrikapenei dagokienean. Esan al daiteke hurrengo urteetako ikasle mugimenduaren modus operandia marrazten dutela unibertsitateetako garbiketako langileekin klase batasunean oinarrituta erakutsitako elkartasunak, eta aipatutako ikastetxeetako ikasleen baldintzen defentsan zein Arte Ederren Fakultateko ikas baldintza zehatzei dagokienean abiatutako borrokek?
Martin Goitiandia: Bai, dudarik gabe. 2007-2008 urte artean lehertu zen krisialdi ekonomikoak langile klasearen bizi baldintzetan eragin zuzena izan du eta langile klaseko sektore zabal batentzat ordura arte eraikitako Ongizate Estatuaren araberako bizi maila gero eta zailagoa da mantentzen. Baita ikasle langileontzat eta hezkuntza esparuko soldatapeko langileentzat ere.
Egoera horrek, ezikusiarena egiterik ez dugun behar larri bat mahaigaineratu du sozialistontzat: kapitalaren ofentsiba berri horri galga jarri eta ikasle eta soldatapeko langileen bizi baldintzen defentsa antolatu behar dugu hezkuntza esparruan, ikas baldintza eta bizi baldintzetan hobekuntzak erdiesteko gaitasuna duten borroka prozesuen bitartez.
Horregatik, datozen urteetan jarduteko moduaren norabidea markatzen diguten esperientziak dira aipatutakoak, eta erronka handi bat mahaigaineratu digute, aldi berean: ikasle langileak aktibatzea eta haiengan sozialismoaren aldeko borrokara batzeko ilusioa eta motibazioa piztuko dituen mobilizazio eta borroka ereduetan asmatzea, hain zuzen ere.
Gure ustez, horretarako bide zuzena praktikaren eta antolakuntzaren eraginkortasunak frogatzea da, izan ere, langile antolakuntzaren bidez lortutako bizi eta ikasketa baldintzen hobekuntzak ahalbidetuko du sozialismoaren aldeko borroka elikatzea. Horregatik uste dugu iazko ikasturtean hainbat ikastetxetan lortutako garaipenek eta EHUren legedia aldaketak ekarpena egin dutela norabide horretan.
Bide horretan aurrera egiteko, hezkuntzako langile sektore ezberdinen (ikasle, garbitzaile, ikerlari, kafetegiko zerbitzari, eta abarren) arteko ekintza eta antolakuntza batasuna eraiki behar dugula uste dugu, banaketak gure ahultasuna areagotu besterik ez duelako egiten eta problematika beraren parte garelako guztiok. Zentzu horretan, lehen lerrora ekarri nahi ditugu ikasle eta soldatapeko langileon baldintza ekonomikoetan, eta, ondorioz, gure bizitzaren osotasunean eragin zuzenena duten aldarrikapenak.
Horren adibide dira, esaterako, unibertsitatean ikasketa kostuak murriztearen alde ematen ari diren dinamika ezberdinak; horien artean nabarmenena, tasak merketzearen eta bekak hobetzearen aldeko greba deialdia martxoaren 26rako.
Otsailaren 23an Ikasle Abertzaleakek greba deialdia egin zuen martxoaren 26rako. Ikasle hrebaren bitartez tasen jaitsiera zein beken hobekuntzak galdegingo ditu sindikatuak. Era berean, UIBk aldarrikapen horiekin lotutako hainbat auzi probematizatu ditu, esaterako, tasen igoera, gainditu gabeko irakasgaien matrikulazioa edota beketarako sarbidea izateko errendimendua. Zein da zuen apustua ikasle greba horren bidez?
M. G: Gure iniziatiba doako hezkuntzaren aldeko dinamika zabal eta indartsu bat sortzea da, hezkuntzako ahalik eta esparru eta maila gehienetan. Lehenago esan bezala, proletarizazio testuinguruaren urgentziak ikasle langileon baldintza ekonomikoak lehen lerroan kokatzera behartzen gaitu, eta zentzu horretan, uste dugu oso garrantzitsua dela hezkuntzaren doakotasunaren auziari erantzukizunez eta garaipenak lortzeko perspektibarekin heltzea.
Horregatik, martxoaren 26koa norabide horretan emango diren borroka ezberdinak aktibatzeko eta indartzeko greba eguna izango da. Kasu honetan, protagonismo berezia hartuko dute unibertsitateko tasak merketzearen eta bekak hobetzearen aldeko aldarriek, arazoaren larritasuna kontuan izanik UIBk horren inguruan aurrerapauso errealak emateko perspektiba duen dinamika abiatu baitu. Zentzu horretan, gure zeregina UIBren dinamika indartzea eta doako hezkuntzaren aldeko indarrak biltzea dela uste dugu, luzea joko duen borroka horretan mugarri bat jartzeko ikasleria kalera ateratzera bultzatuz.
Lau urte igaro dira Europako Ikasle Foroa egin zenetik Laudion (Araba). Ikasleen baldintza materialen aldeko borrokek eta finean langile klasearen aldekoek gaurkotasuna dute. Forum To Fight-en kaleratutako ondorioek mobilizazio bateratuak eta koordinazioa hitzematen zituzten. Gaur egun, zein indar hartzen du nazioarteko koordinazioak ikasleen esparruan? Zein frontek ireki beharko luke koordinazio hori?
C. C: Nazioarteko koordinazio horri berrekiteko fasean gaude. Bolognaren eta haren ajearen ondoren, berriz ere fronte komun bat eraikitzeko beharra ikusten dugu, lurralde bakoitzean forma berezi batean agertzen bada ere, Espainiako Estatuak, EBk eta EEESek sustatutako logika kapitalista berari erantzuten dion sistema gezurtatzeko.
Horri buelta eman ahal izateko, ez ditugu tokiko gobernuak soilik seinalatu behar, horiek goitik datozen jarraibideei men egiten dietela ulertu behar dugu. Prezio publikoak, etxebizitza, materialak... SEPCn, Euskal Herrian IAk dituen edo Erguerrek Galizian dituen arazo berdinez ari gara. Eta sistemak dardara egin dezan, indarrak batzea positiboa baino ezin da izan.
M. G: Euskal Herrian zein hemendik harago, ikasle langileon eta proletalgoaren interesak lehen lerroan kokatuko dituen mobilizazio ziklo berri bat irekitzeko nahikoa baldintza badagoela deritzogu, eta gure ustez norabide hori hartu beharko luke nazioarteko koordinazioak. Hau da, ikasleen eta hezkuntza esparruko soldatapeko langileen bizi baldintzen defentsa eta hobekuntza helburu duten dinamika bateratuak koordinatu eta lehenetsi behar ditugu, beti ere helburu nagusia aldarrikapenak gauzatzea izanik.
Koordinazio horri dagokionean, azken urteetan gutxieneko jardunaren arabera aritu gara orokorrean Espainiako Estatuko ikasle antolakundeok, baina gabezia hori gainditzeko lanean ari gara SEPC eta IA, esaterako.
Datozen urteetan aktibatu beharreko dinamika eta borrokei dagokienez, Ikasle Abertzaleaken zein SEPCren irakurketa eta apustuak sintonian daudela frogatu dugu azken urte honetan, eta badakigu beste hainbat eragile ere termino berdintsuetan kokatzen direla. Zentzu horretan, ikasle langileon interesen araberako indar metaketa oro modu positiboan baloratzen dugu, eta ezberdinen arteko lankidetzaren zein elkartasunaren alde jardungo dugu.
Azken finean, nola eraldatzen da hezkuntza sistemaren baldintzak hobetzeko dinamika hezkuntza eredu propio bat sortzeko ekinbidean, eta zein eginkizun dute ikasleen antolakundeek horretan?
C. C: Azkenean, ikasle antolakundeak ikasleak gara, eta lan baldintzak zehaztu behar dituztenak langileak diren era berean edota, etxebizitzari dagokionez, pertsona prekarizatuenak diren heinean zein baldintza dituzten zehaztu behar dutenak, ikasle antolatuak gara hezkuntza politika proposatu behar dugunak. Aldaketa hori urte askoko analisiei, helburuei eta hezkuntza askatzaile hori eraikitzea ahalbidetuko digun estrategiari esker gertatu da.
Eta hori aldatzeko, gai izan behar dugu parlamentuko politikan eragiteko, sistemarekin kritikoa den masa bat eraikitzeko eta lor daitezkeen eta, aldi berean, ikasleen antolaketa ikasleen baldintza materialak hobetzeko beharrezkoa dela erakusteko balioko duten helburuak proposatzeko.
M. G: Orain arte azaltzen saiatu garen modura, gure ustez ezinbestekoa da bizi baldintzen hobekuntzaren aldeko mobilizazioen bitartez masa kritiko eta borrokalari bat sortzea, eta batez ere, antolakuntzaren kultura hedatzea. Hau da, langile antolakuntzaren eraginkortasuna eta balioa mahaigaineratzen duten mobilizazio eta borroka ereduak indartzea ezinbestekoa da.
Motz esanda, ikasle langileek klase batasunaren printzipioaren baitan antolatzeak beraien bizi baldintzetan eragin positiboa duela ikusi behar dute. Horretarako, noski, borrokak eraginkorra izan behar du, benetako hobekuntzak erdietsi behar ditu, eta ezin du borrokaren antzezpenera eta jardun ideologikora mugatu.
Norabide horretan, ikasle langileen bizi baldintzen hobekuntzan emandako pauso bakoitzak langileriak hezkuntzaren gaineko boterea edo kontrola eskuratzeko daukan beharra azaleratuko du: hori izango da sozialiston zeregina, ikasle langileek begirada harago jarri dezaten da gure helburua. Langileriak boterea hartzeko eta alderdi komunista eratzeko daukagun beharrizana seinalatzea, alegia.
Beste modu batera esanda, garaipen konkretu bakoitzak langileriak gure proiektu politikoarengan daukan konfiantza areagotzeko balio du, eta gure zeregina da aldarrikapenera batu den ikasle horri pauso bat aurrera eginaraztea, betiere langileok hezkuntza eta ikasketa prozesuaren gaineko boterea hartzeko daukagun beharra interpelatuz. Gure hezkuntza eraikitzeko bitarteko posible bakarra baita langileriak boterea hartzea.
Iazko apirilean eman zuen amaitutzat Ikasle Abertzaleakek bere VII. Kongresua. Bertan Euskal Eskola Nazionala berretsi zuen proiektu estrategiko modura. Era berean, auzi hori Euskal Herriko Prozesu Sozialistaren baitan kokatu zuen. Zein izan dira barne prozesuaren ondorio nagusiak?
M. G: Ikasle
Abertzaleaken VII. Kongresua 2018. urteko irailean hasi eta 2019. urteko
apirilean amaitu genuen barne eztabaida prozesua izan zen. Hilabete
horietan, maila lokalean zein nazionalean egindako eztabaidetan
lortutako adostasunei esker osatu genuen azken ponentzia: Errainu.
Izan ere, kongresuaren helburua azken ponentzia idaztea izan zen, eta
horretarako egokitu genuen metodologia, militantzia guztiak edukiaren
eta ekarpenen gaineko kontrol zuzena izatea bermatuko zuen metodologia.
Horren adierazle dira datuak: militantziaren %83k parte hartu zuen
kongresuan, 102 emendakin eta ekarpen onartu eta ezarri ziren, eta azken
ponentzia aho batez onartu zuen militantziak.
Hainbat atal ditu Errainuk:
marko teorikoa, Euskal Herriko testuinguru politikoaren eta hezkuntza
esparruaren azterketa, Ikasle Abertzaleaken izaera politikoa, helburu
estrategikoak, taktika, eta antolakuntza eredua.
Ez da erraza bertako ondorioak laburbiltzea, eta horregatik, elementu orokorrenak aipatzen saiatuko naiz. Kongresuan bi helburu estrategiko zehaztu genituen: Euskal Estatu Sozialista eta Euskal Eskola Nazionala. Langileriak Euskal Herriko lurraldearen, ekoizpen bitartekoen, hezkuntzaren eta orokorrean prozesu sozialen gaineko boterea edo kontrola duen uneari egiten dio erreferentzia; langileon proiektu historikoa den sozialismoa lurralde baten gainean ezarriko den uneari, alegia. Bi horiekin batera, beste maila batean baina helburu estrategikoak erdiesteko ezinbesteko momentu bezala, langileon alderdiaren eraikuntza aipatu behar dugu: esparru guztietan burgesiaren aurkako borroka norabidetuko duen antolakunde integrala.
Ildo horri erantzuteko adostu genuen taktika orokorra edo epe luzerako taktika deitu geniona. Orain arte aipatutako guztiak egunerokotasuneko praktikan hartzen duen forma ondoren argituko dudanez, ez naiz hemen horretan gehiegi luzatuko. Modu orokorrean, esan genezake taktikak hiru adar edo lan lerro dituela: lehena, hezkuntzak burgesiaren boterearentzat betetzen dituen funtzioak (disziplinatzea eta sumisioan heztea, dominazio ideologikoa, filtro soziala ezartzea, lan banaketa sexuala...) neutralizatzea edota indargabetzea; bigarrena, hezkuntzaz haragoko prozesu sozialista orokorra elikatzea; eta azkena, gure hezkuntza eredua den Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzari dagokion lan esparrua.
Taktikaren norabide egokiaren bermea helburu estrategikoek ematen digute, taktika zuzen edo egokia estrategiarekin kontraesanean ez dagoena izango baita; hau da, Euskal Estatu Sozialistaren aldeko indarrak biltzea ahalbidetzen diguna.
Bide batez, aipatu nahiko nuke kongresuaren edukian sakondu nahi duenak ondorio nagusiak irakurtzeko aukera duela, ikasleabertzaleak.org webgunean, euskaraz.