AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/17 10:42

Prestazio sozialetan izaten ari diren murrizketei ezetz esateko, mobilizazio deialdi bat egin dute Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Otsailaren 24rako prestatu dute manifestazio bat, "Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskuratzeko prestazioen arloan bultzatutako murrizketen" kontra, baina baita horiei lotutako "kriminalizazioaren eta pobretzearen" kontra ere. Bilbon izango da mobilizazioa, 12:00etan Moyuatik hasita.

"Denbora daramagu esaten, isilean, hainbat erreforma onartzen ari direla, etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak eta prestazio horiek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuenentzat, pobretuenentzat eta kalteberenentzat kentzen dituztenak", azaldu dute aipatutako kolektiboek. Nagusiki, bi aldaketari egin diete erreferentzia: Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko (EPE) berria.

Gogorarazi dute iaz sartu zela indarrean DBE sistemaren lege berria, eta birdefinitu egiten duela "bizilekua" kontzeptua. Aurrerantzean, ez da bizilekutzat hartuko "etxebizitza baten titulurik gabeko erabilera", eta, beraz, titulurik gabeko etxeetan bizi diren pertsonek (alokairu-kontratua dutenek edota jabetza-titulurik ez dutenek, esaterako) ezingo dute prestazioa jaso. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak iazko abenduan egin zuen agerraldi bat, erreforma hori salatzeko.

Bestalde, EPE ere seinalatu dute Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Iazko urrian onartu zuten prestazio berria, eta apiril honetan sartuko da indarrean. Dena den, kolektibo horiek argitu dute EPE ez zaiela "lehendik zeuden prestazioei gehituko": "ordezkatu egingo ditu". Izan ere, prestazio berria ezartzearekin batera, desagertu egingo dira lehen DBErekin batera eska zitekeen Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta alokairurako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). "Laguntzak sinplifikatzea eta bateratzea aitzakiatzat hartuta, baldintza garrantzitsu bat aldatu da: prestazio berri hori [EPE] jasotzeko, irizpide saihetsezina izango da hiru urtez etenik gabe Etxebiden izena emanda egotea", azaldu dute, gainera.

Sektorerik pobretuenak eta prekarizatuenak, kaltetuta

Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dutenez, aldaketa horiek "etxebizitza-prestazioetarako sarbiderik gabe" utziko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako "milaka pertsona"; hain justu, "sektorerik prekarizatuenak eta pobretuenak". Adibide modura aipatu dituzte Etxebiden izena emanda hiru urte baino gutxiago daramatzaten pertsonak, azpierrentamenduan bizi eta "logelako erabilera propiorik ez dutenak", "alokairu erregularreko kontraturik ez dutenak" edota "etxebizitza hutsak okupatzen bizi direnak".

"Murrizketa-politika horrek zuzenean gehien kaltetutako sektoreak dira errenta txikienekoak; migratzaileak, hilaren amaierara iristeko zailtasun gehien dituzten familiak, enplegu prekarioak dituztenak, gazte langileak, guraso bakarreko familiak, eta abar", ondorioztatu dute.

Alderdi guztien babesa

Erreforma horiek "pobretzearen orokortzearen testuinguruan" kokatu dituzte hiru kolektiboek: "Gastu publikoa murriztea bilatzen dute instituzioek, prestazio-sistema sektore prekarizatuenei murriztuz". Kritikatu dute, hala, alderdi parlamentario guztiek erabaki dutela "murrizketa sozial horiek onartzea".

Ohartarazi dute, esaterako, "EAJren, PSEren eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzio konplizearekin" onartu zela DBEren lege berria, eta PSEk eta EH Bilduk onartu egin zituztela Espainiako Estatuko "Etxebizitza Legeak aurreikusitako murrizketak". "Bien bitartean, kanpaina egiten dute etxebizitza-arloan hobekuntzak sustatu dituztela esanez; ordea, hobekuntza horiek ez dute aurrekontu publikoa handitzea ekartzen, eta sektorerik pobretuenei egindako murrizketen kontura egiten dira", atera dute mahaira Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK