AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
2025/01/24 13:51

Beste heriotza baten berri eman dute Euskal Herriko espetxe batean: Iruñean (Nafarroa) preso zegoen pertsona bat hil da. Autopsiaren emaitzen zain daude oraindik, baina aurreneko susmoa da droga gaindosi bat izan daitekeela gizonezkoaren heriotzaren kausa. Nafarroako Salhaketaren esanetan, dena den, honakoa ez da "kasu isolatu bat": Espetxe-Erakundeen Txosten Orokorretako datuek diote sei urteko epean (2017tik 2023ra bitartean) ia 200 pertsona presok galdu dutela bizia Espainiako Estatuko kartzeletan, eta, 2012tik 2024ra bitartean, gutxienez hamar heriotza izan dira Iruñekoan.

Nafarroako espetxean erregistratutako hamar hildako horien artean, lau kasutan izan da kausa gaixotasun kardiobaskularren bat. Bina heriotza egon dira drogen kontsumoari eta zehaztu gabeko arrazoiei lotuta, eta beste bi lagunek euren buruaz beste egin zuten. Berriki bizia galdu duen pertsonaren gertukoei babesa emateaz gain, Salhaketak "agintari eskudunei" exijitu die "ikerketaren gardentasuna bermatu" dezatela eta "horrelako egoerak prebenitzeko neurri eraginkorrak ezarri" ditzatela.

2021etik, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoa da Iruñeko kartzelako osasungintza. Hala ere, Osasun Departamentuaren arabera, espetxe horretan gatibu dauden pertsonen erdiak dauka gaur egun "adikzio-nahasmenduren" bat, Salhaketak azaldu duen modura.

Bestalde, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak dauka "presoen bizitza, integritatea eta osasuna zaintzeko erantzukizuna". Hala zehazten du Lege Organiko Orokorreko 3. artikuluak, Salhaketak gogorarazi duenez. Kolektibo horrek seinalatu du, baina, espetxe-erakundeak "zigor-ikuspegitik heltzen" diela "errealitate horiei", eta horrek "arrisku-egoerak betikotzen" dituela, "lehentasuna ematen baitie kontrolari eta zigorrari; osasunaren, prebentzioaren eta pertsonen duintasunaren gainetik". "Horrelako tragediak" saihesteko, Salhaketak ezinbestekotzat jo du oinarritzat hartzea "kalteen murrizketa, arreta osoa eta giza-eskubideekiko errespetua".

EZ DAGO IRUZKINIK