AKTUALITATEA / Espetxea
Preso bat hil da Martuteneko erizaindegian
Min fisiko bat zela-eta zeukaten espetxeko erizaindegian, eta hilik topatu dute gaur. Atzo, Zaballako kartzelan galdu zuen bizia beste preso batek.
2023eko martxoaren 1
Preso bat hil da Martuteneko erizaindegian

Beste preso bat hil da Euskal Herrian azken orduetan. Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean, hilik aurkitu dute gaur preso bat, erizaindegian. Min fisiko baten ondorioz, erizaindegiko ziega batean zeukaten, eta zelda irekitzean topatu dute hilotz. Oraindik ez dituzte heriotzaren arrazoiak argitu. Behin-behinean zegoen preso 57 urteko gizonezkoa.

Atzo goizean, Zaballako (Araba) kartzelan topatu zuten hilik 22 urteko preso bat. Azken egunetan, beraz, gutxienez bi presok galdu dute bizia Euskal Herriko espetxeetan. Otsailaren hasieran, bestalde, 43 urteko preso euskal herritar bat hil zen Dueñaseko (Palentzia, Gaztela eta Leon) kartzelan.

Salhaketa elkartearen arabera, 2020. urtean, sei preso zendu ziren Zaballan, eta, 2019ko urtarriletik urrira bitartean, bost. Datu ofizialek diotenez, azken hamarkadan, 25 pertsona hil dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan.