AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/01 19:54

Urtebeteko geldialdiaren ostean, aurten berriz egin dute Ospa Eguna Altsasun (Nafarroa): atzorako jarri zuen hitzordua Ospa mugimenduak, egun osoko egitarau batekin. Bi hitzaldi egin zituzten eguerditik hasita, eta manifestazio jendetsu batekin itxi zuten eguna, Poliziaren normalizazioari ezetz esateko.

Eguerdiko 12:30ean, Poliziaren normalizazioaren gorakadari buruzko mahai-inguru bat izan zen Iortian. Parte hartu zuten Ospak berak, OƱatiko (Gipuzkoa) Fan Hemendik mugimenduak eta Lizarrako (Nafarroa) Pikutarak. Bazkari bat egin zuten horren ostean, Iortiako estalpean, eta solasaldi bati ekin zioten bazkariaren bukaeran: polizia-infiltrazioen inguruan hitz egin zuten, Moratalazko (Madril) Distrito 14 kolektiboko kideen eskutik.

Arratsaldeko 18:00ak igarota, Altsasuko Foruen Plazatik abiatu zen Ospa Eguneko manifestazioa. Mobilizazioa amaitzean, antolatzaileek gogorarazi zuten Ospa mugimendua ez dela geldirik egon aurten, eta "hausnarketa-urtea" izan dela joandakoa. Gogoeta horretatik "ondorio garbi bat atera" dutela azaldu zuten: "Ez dira urte errazak Poliziaren auzia lantzeko".

Miseriaren eta biolentziaren normalizazioa

"Krisi-testuinguruan kokatzen gara gaur egun eta egunerokotasunean ikus daitezke horren adibideak", nabarmendu zuten: "Edonork esan lezake testuinguru aproposa dela mobilizatzeko, sistemaren beraren irrazionaltasuna eta basakeria seinalatzeko, edota geroz eta kapa zabalagoetan zabaltzen ari den desatxikimendua politikoki antolatzeko".

Errealitatean, baina, hori ez dela horrela islatzen gogorarazi zuten, eta hainbat arrazoi direla-eta gertatzen dela hori. "Horren adibide dira estatu burgesaren basailu diren komunikabideek betetzen duten funtzioa bizi dugun miseria normalizatzeko, estatuaren politika autoritarioak, eta gizartean normalizatuta dauden indar polizialak eta horiek egunerokotasunean gauzatzen dituzten gehiegikeriak", zehaztu zuten.

Kolore guztietako polizia-indarren zeregina

"Miseria zabaltzen duten agenteak kritikatzeaz gain", "indar polizial guztiek betetzen duten funtzioa" seinalatu zuen Ospak, "edozein koloretakoak direla ere". "Guztiek oso argi dituzte bete beharreko funtzioak: krisi eta ezengokortasun garaietan status quoa mantentzea, edozein direla ere erabilitako tresnak", salatu zuen.

Horren guztiaren hainbat adibide ere aipatu zituen atzokoan: "Antolakunde politikoen aurkako isun itogarriak, Altsasu kasua bezalako muntaia polizialak, Sakanan 100 tortura kasu baino gehiago, Indar Gorri bezalako antolakundeen aurkako sarekada politikoak, [joan den astean] Irunen (Gipuzkoa) bezala gauzatutako erailketa kasuak, pasa den larunbatean Lakuntzara (Nafarroa) bidean egindako kontrol itogarriak, eta abar".

Ospako kideek iritzi diote "estatua oso kontziente" dela Poliziak betetzen duen zereginaz, eta horregatik jarraitzen duela polizia-agenteen "bizi- eta lan-baldintzak hobetzen"; esaterako, soldatak igota, erretiroa hartzeko adina aurreratuta, gastu militarra areagotuta edota polizien "lana gauzatzea errazten duten legeak" sortuta.

Antolatzaileek oroitarazi zuten elementu horiek guztiak behin eta berriz "erreproduzitu" direla "historikoki gatazka politikoak izan diren lurraldeetan", Euskal Herrian kasu. "Kezkagarriena ez dira aipatutako faktoreak, indar polizialak eta haiek egunerokoan aurrera eramaten dituzten basakerien normalizazioa baizik", xehatu zuten: "Gero eta ohikoagoa da gure gertuko inguruan foruzain edo ertzain izateko hautagaien presentzia, oso problematikoa dena alternatiba politiko baten norabidean borrokatzeko".

Antolatzeko deia

"Gure eginkizuna da indar polizialen aurka borrokatzea arlo guztietan, edozein dela ere janzten duten kolorea", aldarrikatu zuten Ospako kideek: "Gure eginkizuna da haien eginkizunak goraipatzen dituzten komunikabideak kritikatzea. Gure eginkizuna da Poliziaren aurka manifestatzen eta antolatzen jarraitzea. Eta, batez ere, gure eginkizuna da indar polizialak normalizatzen dituzten agente politiko guztiak seinalatzea, auzia polizia-eredura mugatzen dutelako, indar polizial guztiek per se betetzen dituzten funtzioak borrokatu gabe".

"Proiektu politiko iraultzaile batengatik kartzelan jarraitzen duten eta bizitza eman duten militante politiko horiek guztiak" gogoan, lanean segitzera deitu zuen Ospak: "Jarrai dezagun borrokan, jarrai dezagun antolatzen, jarrai dezagun eztabaidatzen, jarrai dezagun errepresioa salatu eta borrokatzen, jarrai dezagun Poliziarik onartuko ez dugula oihukatzen".

EZ DAGO IRUZKINIK