AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/10 11:14

Bada denbora bat Urola Kostako Kontseilu Sozialistak Zumaiako (Gipuzkoa) Aita Mari auzategiko eraikin abandonatu bat ireki zuela, Etxape Zentro Sozialista martxan jartzeko. Joan den asteartean aurkeztu zuten proiektua jendaurrean, eta azaldu dutenez, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak eta proiektuak indartu nahiz sortu" nahi dituzte espazio berriaren bidez.

Eroskiren jabetzakoa da eraikina, baina 20 urte daramatza hutsik. Zentro Sozialistaren berri eman bezain pronto, Eroskirekin harremanetan jarri ziren Kontseilu Sozialistako kideak, espazioaren erabileraren baldintzak adosteko eta akordio batera heltzen saiatzeko. Eskaera bat egin zioten, hala: elkarrizketa-prozesu bat irekitzea eta Zentro Sozialista ez husteko bermea ematea. Enpresak, dena den, oraindik ez die erantzun argirik eman, eta salaketa bat aurkeztu du Etxaperen irekiera dela-eta.

Atzo eguerdian, Eroskiko arduradun bat bertaratu zen Zentro Sozialistara, sarrailagile batekin eta poliziekin. Legez kanpoko desalojo saiakera bat izan zen ustez, baina atzera botatzea lortu zuten Etxape aurrean bildu ziren kideek.

Poliziaren presentzia eta jazarpena, ordea, etengabea izan da azken bi egunetan. Astearteko aurkezpen prentsaurrekoan, esaterako, Ertzaintza hurbildu zen Etxapera, eta sarreretako bat zigilatzen eta ixten saiatu zen. Atzo arratsaldean ere modu bortitzean bertaratu ziren udaltzainak nahiz ertzainak, Zentro barruan hogeitik gora pertsona auzolanean ari zirenean. Kalea hartu zuen poliziak, eta auzolanerako erabiltzen ari ziren materiala eraman zuen; horretaz gain, pertsona bat identifikatu zuten ertzainek. Gero, hainbat orduz izan zuten Zentro Sozialista aurreko kalea hartuta.

Azken egunetan, guztira, zortzi lagun identifikatu dituzte Etxaperen irekiera dela-eta. Propaganda politikoa egiten ari zirela edota Zentro Sozialista inguruan zeudela identifikatu dituzte pertsona horiek.

Hona hemen Kontseilu Sozialistako kideek atzo argitaratutako bideoa, atzoko gertakariak azaltzeko:

EZ DAGO IRUZKINIK