AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Tubacexeko langileak/Público
2024/02/16 11:37

90eko hamarkadaz geroztik, mundu osoko polizia-indarrek dute gero eta arma kopuru handiagoa eta dibertsifikatuagoa. Horren erakusle da istiluen aurkako materiala ekoizten zuten enpresak, mundu osoan, bost herrialdetan banatutako hamahiru baino ez zirela 70eko hamarkadan; eta bi hamarkada beranduago, berriz, 40 herrialdetako 370 enpresa zenbatu zituztela. Hala gogorarazten du Paul Rocher ekononomialariak Gaseatu, mutilatu, menperatu liburuan.

Arma "ez-hilgarrien" industria, beraz, industria gorakorra da. Mende honen hasierako azken boladaren aurretik ere, bere negozio-bolumena laukoiztu egin zen 1981 eta 1995 artean. Gaur egun, bere hazkundea %10 inguruko erritmoan mantentzen da urtero. Frantziako Estatuan soilik, 2015ean 5.650 milioi dolarreko bolumena izatetik, 2020an 8.370 milioikoa izatera igaro zela kalkulatzen da. Gainera, bertan inbertitzen dutenek konfiantza erakusten dute sektoreko enpresen "etorkizun oparoan", SGI Global Security Index-en etekinek adierazten dutenez. Are, sektore guztietako enpresa guztiak "nabarmen" gainditzen omen ditu.

[Arma "ez-hilgarrien" industriaren] negozio-bolumena laukoiztu egin zen 1981 eta 1995 artean. Gaur egun, bere hazkundea %10 inguruko erritmoan mantentzen da urtero

Horrek gauza bat esan nahi du: material hori geroz eta gehiago erabiltzen dela. Kasu askotan ikusi da nola erabiltzen dituzten arma horiek beren jabe nagusiek, poliziek; azkena, Tolosan (Gipuzkoa). Baina are interesgarriagoa da aztertzea nola aldatzen duten arma moderno horiek agenteen portaera bera. Foam jaurtigaiek, zehazki, aukera ematen diete pilotakaden bidez jendea distantzia handiago batetik kontrolatzeko, hori baita istiluen aurkako polizia-unitateen egungo anbizio nagusia.

Lehen, armak erabiltzeko erabakiak berekin zekarren nolabaiteko hurbiltasun fisiko bat polizien eta masen artean, baina, orain, agenteen abantaila da distantzia handiago batetik tiro egin dezaketela, euren burua arriskuan jarri gabe. Bada, abantaila horri eusteak askotan esan nahi du, edozein hurbilketa saihesteko, aurrean duten taldearen asmo zehatzak ezagutu gabe tiro egitea; hau da, errazkeriaz eta aurresuposatzeetan oinarrituta tiro egitea sustatzen du.

Polizia-ekipamenduetan arma "ez-hilgarriak" txertatzeak konfiantza handiagoa ematen die agenteei indarkeria erabiltzeko

Arlo honetan egindako ikerketen arabera, polizia-ekipamenduetan arma "ez-hilgarriak" txertatzeak konfiantza handiagoa ematen die agenteei indarkeria erabiltzeko, "arma ez-hilgarrien" terminologia tranpati horri jaramon eginda. Ameriketako Estatu Batuetako (AEBak) Justizia Departamentuaren Report on the Attorney General’s Conference on Less Than Lethal Weapons txostenaren arabera, ordea, halako armen erabilera handitzeak, "ohiko su-armekin alderatuta, ezbehar gehiago eragin ditzake". Taser pistola elektrikoarekin, adibidez, AEBetan 550 pertsona baino gehiago hil zituztela gogorarazten du Amnesty Internationalek 2012ko txosten batean.

Espainiako Estatuan, 2000. eta 2017. urteen artean bakarrik, Poliziak hamabost lagun hil zituen pilotakadaka (bat kolpe zuzenez, eta beste hamalau uretan zeudela tiro egiteagatik itota). Beste hamaika itsu utzi ditu, Iridiaren Stop balas de goma txostenaren arabera.

Espainiako Estatuan, 2000. eta 2017. urteen artean bakarrik, Poliziak hamabost lagun hil zituen pilotakadaka
EZ DAGO IRUZKINIK