Zer zen Distrito 14 eta zer lan egiten zenuten bertan?
2012ko azaroko greba orokorraren eta Salamanquesa auzoko zentro sozial baten okupazioaren babesean jaiotako gazte-kolektibo bat izan zen Distrito 14. Bere helburuen artean zeuden auzoko gazteria langilea antolatzea, auzo-mailako gainerako gazte-kolektiboekin koordinatzea eta antolatzea, eta hainbat arazori buruz kontzientziatzeko eta horiek seinalatzeko ekintzak egitea, hala nola: etxegabetzeak, genero-indarkeria, antikapitalismoa, apustu-etxeak, antifaxismoa, antiarrazismoa, homofobia, eta abar.
Zuek dakizuela, zenbat polizia-infiltrazio jasan dituzue azken urteetan?
Zuzenean, eta gaur egun dakigula, bi. Bat 2014tik 2021era bitartean eta haren "erreleboa" gero, 2020tik 2022ra bitartean.
Zer nabarmenduko zenukete infiltrazio horiei dagokienez? Satorren jarduteko moduaz eta euren infiltrazio-lanaz, adibidez.
Beti nabarmendu ohi dugun gauzetako bat da "marra gorrien" kontua. Hau da, guk, militante gisa, beti pentsatu izan dugu muga batzuk zeudela, eta muga horiek automatikoki baztertzen zutela infiltratu bat egoteko aukera. Adibidez: benetako NAN fisiko bat izatea, harreman sexuafektiboak izatea militanteekin, benetako familia ezagutzea, kontratuarekin lan egitea, etxea bisitatzea... "Marra gorri" horiek guztiak gainditu egin dituzte bai gure kasuan, bai orain arte azaleratu diren beste kasu batzuetan ere.
Nabarmentzekoa da, gainera, eredu komunak ikus daitezkeela kasu horietan (jarrera adeitsua izatea eta polemiketatik ihes egitea, ezagutza politiko oso baxuak izatea, profil militante oso aktiboa edukitzea, logistikarekin lotutako "lan zikinari" dagokionez batez ere, eta abar), baina bakoitzak bere berezitasunak ere bazituela profila, historia eta abar egokitzeko.
Distrito 14 kolektiboak jasandakoak ez dira izan azken urteetan argitaratu diren infiltrazio bakarrak.
Halaxe da. Bi kasu atera dira Bartzelonan (José Ignacio eta Dani), bat Gironan (María), bat Valentzian (Ramón) eta beste bi Madrilen (Lucía eta Mavi). Ziur aski ez dira bakarrak izango, eta prest egon behar dugu gehiago atera daitezen. Militantzia osoari gomendatzen diogun gauzetako bat da kasu bakoitzari buruz argitaratutako artikuluak irakurtzea, xehetasun eta eredu komun asko baitaude, kasu gehiago antzemateko baliagarriak izan daitezkeenak. Gure asmoa paranoiatik ihes egitea bada ere, garrantzitsua da horri guztiari erreparatzea.
Kasu gehienetan harremanetan gaude, bai laguntza emateko, bai lan bat aurrera ateratzeko ere; hain justu, militantziari etorkizuneko kasuak kudeatzeko balio diezaiokeen lan bat, bai arlo emozionalean, bai politikoan.
Zuen ustez, zer funtzio betetzen dute infiltrazioek eta halako kontrol- eta jazarpen-mekanismoek?
Uste dugu informazioa lortzea dela helburu nagusia: nola funtzionatzen dugun barne-mailan, zein militante dauden aktiboago, zein antolakunderekin eta nola erlazionatzen garen, eta abar. Hain zuzen ere, duela gutxi argitaratu den informazioetako bat da infiltratuek, kasu batzuetan, militanteen lagin biologikoak jasotzen zituztela; batez ere elkarrekin bizitzera eta harreman sexuafektiboak izatera iritsi ziren horiena.
Era berean, zeharka bada ere, antolakundeetan eta militanteen artean izua, paranoia, mesfidantza eta segurtasunik eza sortzea lortzen dute. Azken batean: kontrola, errepresioa, informazioa jasotzea eta abar.
Argitaratu diren infiltrazio kasuen aurrean, zein izan da erantzuna?
Maila instituzionalean, PSOEren ezkerretara dauden alderdi politiko progresisten aldetik, espero ziren erreakzioak izan dira: hipokrisia, mezu hutsak eta kasuak beren estrategia instituzionalaren alde erabiltzeko saiakerak.
Adibide zehatzak jartzearren, Podemosek "haserrea" erakutsi du, baina ez du autokritikarik edo bestelakorik egin, poliziak infiltratu ziren urteetako batzuetan gobernuaren parte izanari lotuta.
Sumar, Izquierda Unida eta Bilduren aldetik, kasuak etekin elektorala eta politikoa ateratzeko erabiltzen saiatu dira, eta ez dira inolaz ere kaltetuen taldeengana hurbildu laguntza eskaintzeko, infiltrazioak bultzatzen dituzten gobernuei babesa eman izana konpentsatzeko modu gisa.
Gobernuaren eta PSOEren aldetik, espero zena: isiltasuna, oro har, eta praktika horiek eta Polizia babestea, gaiari buruz publikoki hitz egin duten aldi bakanetan.
Instituzioen mundutik kanpo, egia da elkartasun-adierazpenak ugariak izan direla eta oso eskertuta gaude; nahiz eta, zoritxarrez, gure ingurune militante guztietan ez den horrela izan.
Uste dugu oraindik ikasteko eta asimilatzeko asko falta dela errepresio mota honi buruz, bai antolakundeei orokorrean eragiten dien moduari dagokionez, bai militanteei bereziki eta modu zuzenagoan eragiten dien moduari dagokionez. Eta baita horren kudeaketari dagokionez ere; bai lehenago, bai bitartean, baita ondoren ere.
Zer irakaspen atera duzue zuek eta zer irakaspen atera beharko luke mugimendu eta militante iraultzaile orok?
Ia liburu bat beharko genuke galdera horri erantzuteko, baina zertzelada gisa: