Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) agerraldi jendetsu bat egin zuen atzo Gasteizen (Araba), hainbat kolektiboren eta pertsonaren babesarekin. Zenbait komunikabidek egindako kriminalizazio-kanpainaren eta zabaldutako gezurren aurka, aurreko larunbatean Gasteizko Alde Zaharrean izan ziren gertakariak azaldu ditu berriz GKSk, eta polizia-biolentziaren erabateko inpunitatea salatu du.
Antolakundeak gogorarazi du, larunbat gauerdian, "Ertzaintzak bortizki kolpatu eta jipoitu" zituela dozenaka gazte, "inpunitate osoz". "Zoritxarrez, horrelako kasuak areagotzen ari dira azkenaldian Euskal Herrian, eta kasu horiek guztiak esparru desberdinetan militatzen dugun eta lanean ari garen guztion aurkako erasoak dira", seinalatu zuten agerraldian.
Kontakizun faltsua eta kriminalizazioa
"Larunbat gaueko gertakarien inguruan Segurtasun Sailak eta hainbat komunikabidek zabaldu duten errelatoa guztiz manipulatua eta gezurrezkoa da", gaitzetsi zuen GKSk agerraldian. "Ebidentzia guztien aurka", Jaurlaritzak eta hedabideek sortu duten kontakizun faltsua zein izan den laburbildu zuen, hain zuzen ere: "GKSko gazteek Ertzaintzari eraso egin eta sei polizia zauritu zituztela, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza bat okupatu ahal izateko".
"Komunikabide nagusietan errelato manipulatu horretan oinarritutako kriminalizazio-kanpaina abiatu dutela ikusirik", gazte antolakundeak ohartarazi du "helburu argiak" dituela gezurrezko kontakizun horrek: "Gazteria komunista kriminalizatzea, Ertzaintza biktima bezala aurkeztea eta Poliziaren indarkeria justifikatzea".
Larunbateko gertakariak: etxe baten birjabetzea, arratsaldean iragarria
Atzo, bestalde, joan den larunbatean gertatutakoa puntuz puntu xehatu zuen GKSk. Lehenik eta behin, gogorarazi zuen antolakundeak mobilizazio jendetsu bat egin zuela Gasteizen larunbat arratsaldean, "gazteok emantzipatzeko dugun ezintasuna eta politikarien promesa faltsuak salatzeko".
Manifestazioa bukatzean, 30 urtez hutsik izan den etxe baten barruan zirela jakinarazi zuten hainbat gaztek: protesta-ekintza gisa sartu ziren Alde Zaharreko etxebizitza horretara, gazte langileek emantzipatzeko duten ezintasuna salatzeko. "Gazte horien asmoa etxebizitzaren arazoaren larritasuna salatzea eta etxebizitza horri erabilera soziala ematea da", aldarrikatu zuen agerraldian GKSk: "Gazte asko gerturatu ginen etxebizitza bloke horretara, bertan zeudenei gure babesa erakustera".
Ertzaintzaren jipoiak gauerdian
Prentsaurrekoan oroitarazi zutenez, gaueko 01:00ak aldera bertaratu zen Ertzaintza Alde Zaharrera. Birjabetutako etxean zeuden gazteak babesteko asmoz, jende ugari hurbildu zen: "Batzuek etxebizitzako sarrera aurrera iristeko astia eduki zuten eta, beste batzuk, inguruan geratu ziren babesa adierazten". "Jende guztia poliziaz inguraturik geratu zen", GKSk jakinarazi duenez.
Orduan, "Poliziak modu bortitzean ekin zion bertan zeuden gazteak jipoitzeari", eta "20 minutuz baino gehiagoz jardun zuen gazteak jipoitzen". Eraso polizial horren ondorioak ere esplikatu zituen atzo GKSk, aurretik argitaratutako datuak eguneratuta: 70 gazte kolpatu eta zauritu zituen Ertzaintzak, eta horietatik bost eraman behar izan zituzten ospitalera; "hiru pertsonari burua ireki zieten, beste batzuei aurpegian puntuak eman zizkieten, bati hatzamarra apurtu zioten, eta beste batek baja eskatu behar izan du, ezin delako 7 orduz eserita egon".
"Argi dago biolentzia erabili zuten bakarrak ertzainak izan zirela", salatu zuten agerraldian: "Kontuan eduki behar da ertzainek zenbait borra hautsi zituztela eta, horren ondoren, hedagarriak atera eta gazteak jipoitzen jarraitu zutela". Beraz, argi eta garbi ondorioztatu zuten gazteek: "Egia bada Segurtasun Sailak dioena, hau da, sei ertzain zauritu zirela, modu basatian eta neurririk gabe kolpeak ematearen ondorioz beren buruari sortutako zauriak baino ez dira".
Gazteen mugikorrak, ertzainen eskuetan
Jipoiez gain, GKSk gogora ekarri du Ertzaintzak argazkiak ateratzen ari zen gazte bat atxilotu zuela (bera ere ospitaleratu behar izan zuten aske geratzean), eta ia hogei pertsona identifikatu zituela. Hori gutxi balitz, bertan ziren hainbat gazteri objektu pertsonalak kendu zizkieten polizia-agenteek, sakelako telefonoak kasu. Ertzainek komisarian dituzte objektu horiek guztiak, eta ez dizkiete gazteei itzultzen.
Kargak inguruetan ere
"Behin etxe sarreran zeuden kide guztiak kanporatzean, beste ertzain multzo bat agertu zen, korrika, eta inguruan babesa ematen ari zirenen kontra oldartu zen", jarraitu zuen aletzen GKSk: "Egoeraren larritasuna ikusita, pixkanaka toki horretatik joaten hasi ziren, zaurituak artatzeko eta egoera apaltzeko asmoarekin". Horren ostean egin zuen alde Ertzaintzak, eta horrek polizien asmoa argi erakusten duelakoan dago GKS: "Argi utzi zuten beren asmoa bertan zeuden gazteak kolpatzea izan zela".
Agerraldian bururarazi zuten, bestalde, "Alde Zaharreko etxebizitzan sartu ziren gazteek bertan jarraitzen dutela". Beraz, babes osoa eman zieten beste behin.
Poliziaren inpunitatea, erantzuleak eta komunikabideen manipulazioa
"Poliziaren jazarpena eta horrek eduki duen inpunitatea" gogor salatu zuten atzoko prentsaurrekoan, eta "Eusko Jaurlaritzak eta EAJk honetan guztian duten erantzukizuna nabarmendu" zuten: "Beraiek dira Ertzaintzaren arduradun politiko nagusiak, baita komunikabide nagusietan abiatu duten kriminalizazio-kanpainaren erantzuleak ere". Aitzitik, Gasteizko Udala eta PSE ere seinalatu zituzten: "EAJk egin bezala, PSEk ere publikoki elikatu du kriminalizazio-kanpaina hori, babes guztia adieraziz Ertzaintzari eta gazteen ustezko jarrera biolentoa salatuz".
Horrekin batera, jopuntuan jarri zituzten komunikabideek zabaldutako gezurrak: "Beste behin ere, komunikabide horiek argi utzi dute beren funtzioa ez dela gertakarien inguruan egia esan eta informatzea, politikari profesionalen eta beren menpeko Poliziaren intereseko errelatoak sortzea baizik". "EAJren kontrolpeko instituzioek, komunikabideek eta Poliziak bloke bat osatu dute, eta bloke horrek inpunitate osoz jazarri gaitu etxebizitza ondasun unibertsal bihurtzeko borroka egin dugun gazteok", gaineratu zuen GKSk.
Alderdi parlamentarioen isiltasuna
Gainerako alderdi politiko parlamentarioak "isilik mantendu" direla ere kritikatu zuen GKSk, eta beren jarrera salatu zuen: "Alderdi parlamentarioek instituzioetan parte hartzen dutenez gero, EAEko egitura instituzionalaren parte den Ertzaintzaren jardunarekin konprometituta daude, eta larunbatekoa bezalako kasuetan isiltasuna mantentzeak eta ezer ez egiteak ez du polizia-indarkeria normalizatzea baino lortzen".
Salaketarako deia eta Poliziaren funtzioa
Agerraldia amaitzeko, dei egin zieten "borroka ezberdinetan parte hartzen duten eragile, mugimendu eta norbanakoei, polizia-indarkeriaren inpunitatea sala dezaten". "Poliziaren inpunitatea areagotzea eta normalizatzea atzerapauso nabarmena da langileontzako, protesta egiteko baldintzak murriztea baitakar horrek", esan zuten. Hala, "Poliziak betetzen duen funtzio nagusia" horixe bera dela ohartarazi zuten: "Nagusien mandatuak betetzea eta ordena sozial kapitalista babestea". "Eskrupulurik gabe, armaturik eta etiketarik gabe, langileriaren militantzia politikoa kolpatzetik dirua irabazten dutenak dira", erantsi zuten.
Horregatik egin zuten, hain justu, "Poliziaren indarkeria eta beren inpunitatearen erantzule diren politikariak salatzeko" deia. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo zuten "gizarte aske baten norabidean borroka egiten jarraitzea" ere.