Bi hilabete ere ez dira igaro ikasturtea hasi zenetik, baina denbora horretan polizia-indarrek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) izandako esku-hartzeari buruzko hainbat datu eman ditu jada Ikasle Abertzaleakek (IA), ikaragarriak baitira. Irailaren hasieratik hona, Polizia bederatzi aldiz sartu da EHUko campusetara; esaterako, Leioako campusera sartu eta Palestinaren alde greba egiten ari ziren ikasleei jazarri zien Ertzaintzak urriaren 15an. Gainera, 48 ikasle identifikatu dituzte poliziek aldi horietan, eta oraindik ez dago garbi zein ondorio izango dituen horrek.
Azken egunetan, talde eta ordezkari politiko ugarik seinalatu dituzte unibertsitateko ikasleak, Ertzaintzak Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Zuzenbide Fakultatean eman behar zuen hitzaldiaren kontra agertu izanagatik. Horiek horrela, "alderdi politiko parlamentarioek Polizia unibertsitatera sartzea defendatzen eta protesta egin duten ikasleak seinalatzen dituzten bitartean", aldarri argi bat egin du IAk: polizia-indarrek unibertsitatetik kanpo egon behar dutela defendatu du. "Ikasle langileon eskubide politikoen alde borrokatzen jarraitu behar dugu", gaineratu du ikasle-antolakundeak.