AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/13 16:29

Pasa den abuztuan, 1.957.700 pertsonak jaso zuten Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDs) Espainiako Estatuan, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren (INSS, gaztelerazko sigletan) azken txostenaren arabera. Espainiako Estatuko gobernu ezkertiarrak sortu zuen dirulaguntza hori 2020an, ustez "pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskuan daudenei, edota egon daitezkeenei, egoera horretatik ateratzen laguntzeko" helburuarekin.

Aurtengo abuztuan dirulaguntza jaso duten familia-unitateen artean, %67,43 dira adingaberen bat euren kargu daukatenak. Horien artean, 111.958 dira guraso bakarreko familiak. BGDs-ren zenbatekoa 460 eta 1.000 euro artean kokatzen den arren, batez beste 479,2 euro baino ez dira jasotzen familia bakoitzeko; hau da, 116 euro pertsonako. Laguntzak familia bateko adingabe kopuruaren araberako diru-kantitate osagarri bat ere aurreikusten du, iragan den hilean, adingabe bakoitzeko 68,23 eurokoa izan dena, batez beste.

BGDs-ren zenbatekoa 460 eta 1.000 euro artean kokatzen den arren, batez beste 479,2 euro baino ez dira jasotzen familia bakoitzeko; hau da, 116 euro pertsonako

Neurri horren eraginkortasun-maila azaleratzen laguntzeko, Espainiako Estatuan, Pobrezia eta Gizarte-bazterketaren Aurkako Sareak (EAPN-ES, gaztelerazko sigletan) kaleraturiko Pobreziaren Egoera Espainian, XIV. txostena nahiko adierazgarria izan daiteke. Txostenak dioenez, Espainiako Estatuko biztanleen laurdena baino gehiago (%26,5), hots, 12,8 milioi pertsona, pobrezia edota gizarte-bazterketa arriskuan daude. Soilik urtebetean, 2022tik 2023ra bitarte, 400.000 lagun gehitu ziren egoera horretara.

Espainiako Estatuko biztanleen laurdena baino gehiago (%26,5), hots, 12,8 milioi pertsona, pobrezia edota gizarte-bazterketa arriskuan daude

Horretaz gain, biztanleriaren erdiak (%48,7) hilabete amaierara heltzeko arazo larriak ditu. BGDs jaso dutenak 1.957.700 izan badira abuztuan, eta 12,8 milioi pertsona baino gehiago bizi badira pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan, dirulaguntza ez da bere hartzaile objektiboen %15era ere iristen. Azken datu erabilgarrien arabera, BGDs sortu zenetik 2023ra arte bederen, laguntza jasotzeko egindako lau eskaeratatik hiru ukatuak izan dira.

BGDs sortu zenetik 2023ra arte [...], laguntza jasotzeko egindako lau eskaeratatik hiru ukatuak izan dira
EZ DAGO IRUZKINIK