AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/24 10:39

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) bart argitaratu du bideo bat, "enpresariek eta politikariek gazte langileoi ezarri diguten miseriazko bizi-eredua" salatzeko eta horri aurre egitera deitzeko. Borroka horretan gazte langileak "lehen lerroan" jarri behar direla erreibindikatu du gazte antolakundeak.

"Politikari profesionalek kontrakoa saldu nahi badigute ere, urtez urte langileon egoera are gehiago okertzen ari da, baita gazteona ere", seinalatu du GKSk: "Enpresariek gazteon lan-indarra esplotatzen jarraitu nahi duten bitartean, ezkerreko alderdi politikoek eta Espainiako Gobernu progresistak estatu kapitalistara lotuta mantendu nahi gaituzte, eta, bien bitartean, alderdi eskuindarrak zein faxista ugari egoera probesten ari dira, gazteon artean gero eta kultura erreakzionarioagoa ezartzeko".

GKSko kideek aldarrikatu dute, "prekaritatearen, fartsaren eta faxismoaren" aurka, "etorkizun sozialista baten alde borroka" egingo duen "subjektu aktibo" izan behar dutela gazte langileek. "Norabide horretan borrokatzeko aldarria hedatu nahi dugu Euskal Herriko gazteriaren artean", argitu du antolakundeak.

Itota, ekonomikoki nahiz politikoki

GKSk salatu du "zanpatze ekonomikoa eta politikoa" jasaten ari dela proletalgoa azken urteetan, baita, zehazki, gazte langileak ere. "Gizarte kapitalistaren krisialdi garai honetan, enpresariek langileon lan-baldintzei eraso diete, eta horrek guztiak langile askoren bizi-baldintzen okertzea eta suntsipena ekarri ditu", azaldu du. Gazte langileen kasuan, konkretuki, xehatu du baldintzak "gero eta okerragoak" direla "esparru askotan"; ekonomikoki pobrezia hedatzen ari dela eta, politikoki, "askatasun ezak" laburbiltzen duela egoera.

Soldatapeko lanari dagokionez, azpimarra berezia egin die langabezia kronikoari, soldata baxuei, ordaindu gabeko lanorduei, laneko nagusien inpunitateari, behin-behinekotasunari edota zabor-kontratuei; eta, oinarrizko bizi-bitartekoei dagokienez, "ezintasunen eta dependentzian oinarritutako bizi-eredua" nagusitzen ari dela gaitzetsi du. Emantzipatzeko ezintasuna, esaterako, horrekin lotu du.

Bestalde, aurretik hamaika aldiz egin bezala, autoritarismoa indartzen ari dela uste du GKSk, eta "eskubide urraketaz jositako egunerokoa" jo du horren erakusletzat: "Poliziaren jazarpena, kontrol soziala, kriminalizazioa eta abar".

Gobernuen neurrien atzean ezkutatzen dena

Aipatutako egoera horretan, "ezkerreko alderdi politikoek zein Espainiako Gobernuak langileria babesten ari direlako ideia sinetsarazi nahi digute", GKSren esanetan. "Errealitatea guztiz bestelakoa da", seinalatu du: "Gobernu ezkertiarraren politikek ez dituzte jopuntuan jarri enpresari handien irabaziak, nahiz eta bizi-baldintza unibertsalak eskuratzeko beharrezkoa den enpresari handiei irabaziak desjabetzea".

GKSk kritikatu egin ditu, esaterako, askotariko gobernuek gazteriari bideratutako neurri sozialak, hala nola etxebizitzari eta garraioari lotutakoak. "Neurri horiek gazteriaren kaparik proletarioenak laguntzetatik kanpo uzten dituzten bitartean, gazteon botoa eskuratzea dute helburu, besteak beste", gaitzetsi dute: "Estatu-instituzioek zilegitasun gutxiago dute proletarizatutako kapetan, eta, horrelako politiken bitartez, gazteria zein zirkuitu elektoralean parte hartzen ez duen kapa zabal hori erosi nahi dute politikari profesionalek".

Faxismoari aurre egiteko ezintasuna

Gazte antolakundeak, gainera, zalantzan jarri du ezkerreko alderdi parlamentarioak etengabe saltzen ari diren uste bat: "alderdi eskuindarren edota faxisten mehatxuari aurre egiteko aukera bakarra ezkerreko gobernua" omen dela, alegia. "Azken urte hauetan ikusi dugun bezala, 'gaitz txikienaren' logika horrek politikaren ardatza eskuinerantz darama", ohartarazi dute GKSko kideek.

Faxismoaren mamu horretaz baliatuta, "ezkerreko gobernuaren politikek bizitzaren garestitzea eta autoritarismoa egonkortu dituzte", gazteek nabarmendu dutenez. "Bien bitartean, muturreko eskuinak egoera probesten du langileriaren artean kultura erreakzionarioa hedatzeko", gaineratu dute: "Ondorioz, gizartea gero eta parametro erreakzionarioagoetan kokatzen ari da, eta agerikoa da horrek guztiak zuzenean eragiten duela belaunaldi berriengan".

Gazteen artean borrokarako grina sustatzeko konpromisoa

Aipatutako salaketak egiteaz gain, "pobrezia eta askatasun eza borrokatzera" deitu du GKSk. Jakinarazi du hainbat borroka-dinamika irekiko dituela datozen asteetan Euskal Herrian zehar, "gazte langileok bizi ditugun hainbat arazori" aurre egiteko; hala nola, "zanpatze ekonomikoaren eta politikoaren" arloetan. Mobilizazioak izango direla ere iragarri du.

"Despolitizatuta nahi gaituztenen aurka, gazte langileon borrokarako grina sustatzen eta kontzientzia sozialista hedatzen jarraituko dugu; injustiziak ikusaraziz, formakuntza politikoak eginez, eraso faxisten aurkako jarrera irmoa erakutsiz eta abar", esan dute gazte antolakundeko kideek. Erantsi dute, hala, "martxan jarritako borroka eta dinamika guztiak langileon boterea handitzera bidean kokatuko" dituztela; "soilik langileriaren kontrolpeko Estatu Sozialistaren bitartez gaindituko ditugulako gazte langileoi inposatu dizkiguten pobrezia eta askatasun eza".

EZ DAGO IRUZKINIK