Bart ere gogor esku hartu du Ertzaintzak: San Antolin jaiak ziren hastekoak Plentzian (Bizkaia), eta 22:30ak aldera, Alde Zaharrera sartu eta kalean zeudenen aurka oldartu ziren polizia-agenteak. Gazte ugari jipoitu zituzten, eta haien aurka foam jaurtigailuak ere erabili zituzten ertzainek. Sare sozialetan hainbat pertsonak salatu dutenez, oso distantzia txikira aritu ziren tiroka.
Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak protestara deitu du gaur arratsalderako, Jazarpenaren aurrean, klase elkartasuna lelopean; 19:30ean izango da kontzentrazioa Astillero enparantzan. GKSko kideek salatu dute atzoko gertakariak ez direla "kasu isolatu bat", eta besteak beste, Plentzian bertan "nabarmena" izan dela poliziaren presentzia uda osoan zehar. Sopelan (Bizkaia) uda hasieran gertatutakoa ere gogorarazi dute: ekain amaieran, sanpedroak ospatu ohi direnean, hainbat gazteren aurka jo zuen Ertzaintzak. Lagun bat eraman zuten atxilo.
Atzo Plentzian jazarriak, zaurituak eta atxilotuak izan zirenei elkartasuna adierazteaz gain, atxilotutako hiru pertsonen kargugabetzea exijitu du GKSk. "Gazte langileok argi dugu pairatzen ari garen errepresioa etorkizuneko langileria otzan mantentzeko bitartekoa dela", gaineratu du.
Aurreko egunetan ere jazarpen poliziala salatzeko protestak egin ditu GKSk, hain justu, Hernanin (Gipuzkoa) eta Donostian (Gipuzkoa).