Bi urtez egon da itxita Plentzia-Gorlizko (Bizkaia) Danontzat gaztetxea. Izan ere, Plentziako Udalak duela bi urte zarratu zituen Arpillaoko lokalak, hango elkarte guztien jarduna geldituz; tartean, Danontzat gaztetxearen jarduna blokeatu zuen. Ustez, eta ofizialki, eraisteko egoeran daude lokal guztiak. Dena den, aurreko ostiralean, gaztetxe modura erabiltzen zen espaziora sartu ziren hainbat udal langile, tailer modura erabiltzen hasteko.
Horren aurrean, hurrengo egunerako, larunbaterako, auzolan batera deitu zuten gaztetxeko kideek, lekua berreskuratzeko helburuarekin. "Nola da posible horiek bertan egotea inolako arazorik gabe eta gu ez? Eraisteko egoeran badago, agintariei ez zaie euren langileen osasuna inporta, ala egoera ez da hain larria?", esan zuten.
17:00etarako zegoen antolatuta auzolana, baina udaltzainak bertaratu ziren udalaren aginduz. Barruan zeuden gazteek uko egin zioten gaztetxetik alde egiteari, eta Ertzaintza agertu zen orduan. Ordubetez atxiki zituzten gaztetxe barruan zeuden bost pertsonak, eta identifikatu egin zituzten. Desobedientzia larria leporatu diete ertzainek, eta ikusteke dago orain Plentziako Udalak haien aurkako salaketa bat aurkeztuko duen edo ez.
Gaztetxea berriro hustean, ateko sarraila aldatu zuen sarrailari batek. Beraz, berriz itxi du espazioa Plentziako Udalak.