AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/19 11:24

Plastikozko piezak ekoizten dituzte Plásticos Brello enpresak Uharten (Nafarroa) daukan lantegian. Volkswagenek azpikontratatuta dauka, eta, orain arte, hemezortzi langilek egin dute lan bertan. Udan, baina, kaleratze kolektibo bat ezarri du zuzendaritzak: sanferminetako oporren bezperan aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espediente bat, plantilla osoa arriskuan jarri zuena, eta behargin guztiak kalera bidaltzea ekarri duena azkenerako.

Uztailean, espedientea indarrean sartzeko, ekoizpena "berrantolatzeko asmoa" zuela adierazi zuen zuzendaritzak. Hala, Uharteko ekoizpena Azkoiengo (Nafarroa) Industrias Bardi lantokira lekualdatzeko helburua zuela esan zuen, bere menpekoa baita fabrika hori ere. Uharteko langileei, ordea, ez diete eman Azkoienen lan egiteko aukerarik.

"Pertsiana jaitsi" du enpresak gauetik goizera, langileek adierazi dutenez. Horren aurretik, hainbat hilabete eman zituzten beharginek "normala baino handiagoa zen ekoizpen-maila bati aurre egiten", eta, testuinguru horretan, zuzendaritzak "egun batetik bestera lanpostura ez itzultzeko agindu zigun, jarduera gelditzeko erabakia hartu zuela-eta". Jakinarazpena oporren atarian egin zuen zuzendaritzak, "ustekabean eta langileek erantzuteko aukerarik gabe", eta lantegitik euren gauzak hartzeko tarterik ere eman gabe.

Langileen borroka sindikalak eragin du kaleratze kolektiboa

Zuzendaritzaren aitzakiak aitzakia, plantillak argi dauka kanporatzeen arrazoia: lan-hitzarmen berri baten alde iaz abiatutako borrokak langileen "batasun sindikala" ekarri zuen, eta horri erantzuten dio kaleratze kolektiboak. "Lan-baldintza duinen alde antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna" erakutsi dutela azaldu du David Casanova beharginak, eta borroka horri esker lortu zutela soldata hobetzea, baimen ordainduak izatea, eta abar.

Borroka hori erabakigarria izan zen zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea aurkezteko, haien esanetan. Casanovak nabarmendu duenez, enpresak espedientearen kontsulta-epean aurkeztutako dokumentazioan argi ikusten da neurria azkentzearen arrazoia izan dela langileen antolakuntza.

Hori ez ezik, "langileak kaleratzea kontratatuta mantentzea baino merkeagoa zela" esan du enpresak, eta "argi dago hitz horiek egikaritu" dituela. Zentzu horretan, Irati Bañuelos langileak argitu du "kaleratze kolektibo bat" izan dela Uharten gertatutakoa, eta "ez enpresa baten itxiera, ekoizpena ez baita geldituko". Espedientearen aurkako helegitea aurkeztu dute beharginek, eta epaiketaren esperoan daude.

EZ DAGO IRUZKINIK