Pertsona migratzaileen salerosketarako eta lan-esplotaziorako sare bat atzeman dute Arabako Errioxan, zenbait hedabidek gaur argitaratu dutenez. Gutxienez hamabost lagun zeuden sare horretan harrapatuta, eta miseriazko baldintzatan lan egitera behartzen zituzten: egunean hamabi orduz aritzen ziren, eta asteko egun guztietan, astelehenetik igandera.
Portugalgoak dira gaur egun sareak esplotatzen zituen hamabost pertsonak. Dirudienez, Portugalen bertan atxikitzen zituzten, eta Arabako Errioxara eramaten zituzten, baldintza negargarrietan lan egitera derrigortzeko. "Langilek ostatu hartzen zuten higiezinen egoera osasungaitza" zela ere azaldu du Espainiako Gobernuak.
Sarean harrapatutako batzuk, hainbat hilabetez esplotazio-sarearentzat lan egin ostean, arduradunekin nolabait "zorretan" geratzen ziren. Langileei esaten zieten sekulako zor ekonomikoa zeukatela sareko buruekin, eta, ustezko zor hori kitatu ahal izateko, miseriazko baldintza horietan jardutera behartzen zituzten.
Lanaldi neurrigabeak ezartzeaz gain, "hertsadura, mehatxuak eta botere-gehiegikeriak" ohikoak zirela jakinarazi dute. Atzemandako pertsona migratzaileen "dependentzia ekonomiko egoeraz" baliatuta, egunerokoan lan-arloan nahiz hortik kanpo egiten zuten guztia kontrolatzen eta baldintzatzen zuten sareko buruek, eta euren baimena izan behar zuten langileek edozer egin ahal izateko.
Joan den otsailaren amaieran hasi zen sarearen inguruko ikerketa, biktimetako batek ihes egitea lortu zuenean eta jasandakoaren berri eman zuenean. Berriki atxilotu dituzte sarearen parte diren bi arduradun.