Iruñean (Nafarroa), atxiloturik eta deportatua izateko arriskuan jarraitzen du militante gazte batek. Asteartean gelditu eta atxilotu zuen Espainiako Poliziak bere arraza-profilagatik, modu arbitrarioan. Bere aurkako nazioarteko agindu bat indarrean dagoela argudiatuta, deportatu egin nahi du Poliziak, eta badirudi Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren baimenaren zain dagoela atxilotua kanporatu ahal izateko.
Chinchilla Jenerala kaleko komisarian daukate gaztea, eta asteazkenean bertan bildu ziren kanpoaldean hainbat kolektibotako kideak, atxiloketa salatzeko. Atzo iluntzean, elkarretaratze bat egin zuten Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza aurrean, Kanporatzerik ez erantzunik gabe! lelopean. Berriz eman zioten babesa atxilotuta jarraitzen duen kideari, eta aske gera dadila exijitu zuten.
Arrazakeria instituzionalizatua
Protestaren antolatzaileek jakinarazi zutenez, gazteak ez du inolako laguntza juridikorik jaso polizia-etxean gatibu daraman denboran, eta nabarmendu zuten "arrazakeria instituzionalaren jazarpenaren parte" dela gertatutako guztia. Jazarpen hori "eskubiderik gabeko subjektutzat hartzen direnen aurkako logika punitibista eta arrazista mantentzeko" erabiltzen delakoan daude. Kontrola eta atxiloketa "argiki arrazistak" izan zirelakoan daude, ez baitzegoen horretarako "arrazoi justifikaturik". Gogorarazi dute, gainera, denbora daramatela Nafarroan "polizia guztiek gure kaleetan egiten dituzten profil etnikoaren araberako kontrolak eta Atzerritartasun Brigadaren aurreko zitazioak ('hitzordu tranpak' direlakoak) salatzen".
"Une batetik bestera, askatasunean egotetik, askatasunik gabe eta deportatua izatera igaro da [atxilotutako pertsona], horrela aurreikusten duelako Espainiako Estatuko legediak, eta hori errazten dutelako Europan sinatzen diren immigrazio-itunek", salatu zuten kontzentrazioan. Hainbat erakunderen erantzukizuna azpimarratu zuten, atxilotu duten gazteak jasandakoa dela-eta. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren parte diren instituzioak seinalatu zituzten, "kanporatzeak bezalako praktikak babesten dituzten politiken erantzuleak" direlakoan, baina baita Nafarroakoak ere, "politika horiek babestu eta mantentzen dituztelako, eta eskumen falta argudiatzen duten arren, haiekin elkarlanean aritzen direlako".
Exijentziak
Atzoko kontzentrazioan, hainbat exijentzia ere egin zituzten manifestariek: "profil etnikoan oinarritutako polizia-kontrolak eta Atzerritartasun Brigadarako zitazioak bertan behera uztea"; "Barne Ministerioak praktika horien inguruko informazioa ematea, bai metodo horiek jarraituz irekitako eta gauzatutako kanporatze-espediente kopurua, baita horien guztien artxiboa ere"; eta "jardunbide horien legezkotasunaren inguruko txostena eta oinarri duten araudiaren xehetasunak" azaltzea eta erakundeek erantzukizuna euren gain hartzea, "praktika horiek eskubideak urratzea balekarte".
"Ez dugu onartuko kategoria juridiko erregular edo normatiboetatik kanpo geratzen direnen aurkako jazarpen eta kriminalizaziorik, eta pertsona migratu eta arrazializatuak zapaltzerik", gaineratu zuten deitzaileek: "Praktika horien legezkotasunak ez ditu inoiz bidezko bihurtuko". Izan ere, gogorarazi zutenez, "zigorraren eta krimenaren esparruan, estatuak babesa topatzen du neurri horiek balioztatzeko". Horregatik guztiagatik aldarrikatu zuten "kanporatze bakar bat bera ere ezin dela erantzunik gabe geratu", eta funtsezkoa dela "egiturazko indarkeria instituzionalari aurre egiteko antolatzea eta sareak indartzea".