AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Préfet de la Vienne
2025/02/24 11:59

Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko mugan agerraldia egin zuen aurreko astean Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako (Ipar Euskal Herria barne hartzen duen departamentua) prefetak, gorakada erreakzionarioarekin guztiz bat datorren diskurtso bat azalduz: delinkuentzia immigrazioarekin lotu zuen eta, hori aitzakiatzat hartuta, mugako errepresioa areagotzeko borondatea erakutsi zuen. Hain zuzen ere, Lapurdiko kostaldean delinkuentzia igo egin dela nabarmendu eta horren errua pertsona migranteei egotzi zien Girierrek, mugako kontrola gogortzeko asmoa indartzeko.

Prefeturak esan zuen iaz, 2024an, egoera administratibo irregularrean zeuden 5.264 migratzaile atxilotu zituztela Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugan (hilean 438 batez beste); eta seinalatu zuen gora egiten ari dela kopuru hori, aurtengo urtarrilean 680 lagun atxilotu dituztelako, 2024ko urtarrilean baino 520 gehiago. Atxiloketen gorakada hori legez kontrako immigrazioaren gorakadarekin erlazionatu zuen prefetak, eta are gehiago: immigrazioaren ustezko gorakada delinkuentziaren gorakadarekin lotu zuen. Pertsona migratzaileen kriminalizazio hori indartzeko, esan zuen 2025eko urtarrileko delituen erdia (%53,57) egin zituztela etorkinek, bereziki gazteek.

Baiona (Lapurdi) Pausa harrera-zentroari buruz ere hitz egin zuen Girierrek, aditzera emanez hainbat herrialdetatik migratzen duten pertsonek ez dutela arreta jasotzeko eskubiderik. Izan ere, adierazi zuen urtebetean bikoiztu egin dela Pausan hartu dituzten lagunen kopurua, baina hala xehatu zuen gero: "Ikusten dut iristen direnak ez direla kongoarrak, sudandarrak edo afganiarrak, hau da, gehien babestuak direnak. Iristen direnak nagusiki aljeriarrak, marokoarrak edo ginearrak dira. Gaur egun baita indiarrak eta pakistandarrak ere. Denak ez dira asiloa eskatzera heldu".

Pertsona migratzaileak (batez ere zenbait jatorritakoak) zuzenean delinkuentziarekin lotuz eta "kontrabandisten sareen" aurka egitearen aitzakiapean, muga gogortzeko asmoa erakutsi du prefetak; "egonaldi eskubidearen egiaztatzeko bilaketa sakonen bidez, ekintzak eginez autobusetan hemendik [Biriatutik] hogei bat kilometrora".

EZ DAGO IRUZKINIK