AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Joan den ekainean etxegabetu zuten familia bat Hernanin, eta protestak izan ziren, Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak deituta.
2023/09/07 09:02

Idiazabalen (Gipuzkoa), pertsona bat bota nahi dute bere etxetik irailaren 12an, hurrengo asteartean. Maizterrak ezin du etxe horretako alokairua ordaindu, eta horregatik kaleratu nahi dute. Une honetan, pertsona horrek ez dauka inolako etxebizitza-alternatibarik, eta kale gorrian gera daiteke.

Goierriko Etxebizitza Sindikatuak eman du egoeraren berri, eta jakinarazi du, gainera, izatez egoera txarrean dagoela etxea. Ez ditu alokatua izateko gutxieneko baldintzak betetzen; duela zenbait urte, sabaia gainera erori zitzaion maizterrari. Hala ere, jabeak ez zituen beharrezko konponketa-lanak egin.

"Errentatzaileen irabaziak handitzeko, geroz eta egoera txarragoan dauden etxeak merkaturatzen dira, eta geroz eta gehiago dira baldintza negargarri horiek onartzera behartuta daudenak, osasun-arazoak edo istripuak jasateraino", salatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek: "Gutxi batzuek luxuzko etxeak dituzten bitartean, beste asko baldintza miserableekin konformatzera bultzatzen dute".

Ardura hartzeko deia udalari

Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du "egoeraren jakitun" dela Idiazabalgo Udala, "eta alternatiba bat eskaintzeko bitartekoak baditu ere", oraingoz ez diola inolako bermerik eman etxegabetua izatear den maizterrari. "Are gehiago, larrialdi kasuetarako erabiltzen duen etxebizitza huts bat eskaintzeari uko egin dio", salatu dute sindikatuko kideek.

"Guretzat, ez dago pertsona bat alternatibarik gabe etxegabetzeko inolako justifikaziorik", gaineratu dute. Hala, dei argi bat egin diote udalari: egoera larri honetan, ardura bere gain har dezala eskatu dio.

Neurriak, zalantzan

Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du, kasu honekin, berriz ikusi dela Etxebizitza Legea edota etxegabetzeen kontrako moratoria bezalako neurriak "ezkerreko alderdien propaganda elektoralistara bideratuta" daudela. "Neurri horiek etxebizitzaren arazoari erantzuteko duten irismen mugatua agerian geratzen da", xehatu dute.

Azaldu dute horren guztiaren "adibiderik gordinenak" direla etxe kaleratzeak eta, "kasurik onenean, atzeratu besterik ez" direla egiten. Hala, borroka egingo duela esan du Etxebizitza Sindikatuak: "Etxegabetzea salatu eta orain artekoa baino kalitate handiagoko etxebizitza bat izan dezan borrokan jarraituko dugu".

Deia datorren astearterako

Idiazabalgo etxegabetzea salatzeko, protestara deitu dute sindikatuko kideek: asteartean, 09:30ean Arimasagasti auzora bertaratzeko deia zabaldu dute. "Etxegabetze guztiak gelditzeko" aldarria ere egin dute.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Joan den ekainean aurkeztu zuten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista Bilbon (Bizkaia); tokian tokiko Kontseilu Sozialistek azken urteetan sortutako Etxebizitza Sindikatuen indarrak batuta sortutako tresna berria, Euskal Herri mailan. Hamalau aldarri zehatz jasotzen ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren proposamen politikoak; tartean, etxegabetze guztiak etetea.

EZ DAGO IRUZKINIK