Robert Brooks, 43 urteko gizonezko afroamerikar bat, kolpeka erail dute hiru funtzionariok Marcyko (New York) espetxean. Kartzelazainetako batek soinean zeraman bideokameretako irudiak argitaratu dituzte, eta horietan ikusten da nola jipoitu zuten Brooks. Eskuak bizkarrera lotuta zituela, ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten hiru kartzelarik, gelan zeuden gainerakoek pasibotasun osoz begiratzen zuten bitartean. Presoak kordea galdu zuenean eta odola galtzen hasi zenean ere bera jipoitzen segitu zuten, eta funtzionarioetako batek, gainera, arropa kendu zion modu basatian jo ostean.
Brooks hurrengo egunean hil zen jipoiaren ondorioz, Uticako Wynn ospitalean. Medikuaren txostenak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa, eta lepoan jasan zuela konpresioa. New Yorkeko fiskaltza nagusia gertakariak ikertzen ari omen da, eta, momentuz, ez dute argitu zer aitzakiarekin jipoitu zuten presoa kartzelariek. Espetxeetako estatu-komisario Daniel Martuscelloren arabera, Brooks erail zuten funtzionarioak kanporatu dituzte eta enplegua eta soldata eten dizkiete beste hamahiruri.