Giza Eskubideen Behatokiak aurreko ostiralean jakinarazi zuenez, Peio Alcantarillak jasandako torturei buruzko kasua berriz ireki dezatela eskatuko du: Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronela eramango dute auzitara, bera izan baitzen donostiarra torturatu zutenetako bat. Ikerketa baten bidez, Euskal Herriko Behatokiak ebatzi du "erabateko sinesgarritasuna" duela Alcantarillaren kontakizun izugarriak, eta kereila aurkeztu du jada erretiroa hartuta dagoen Perez de los Cobosen aurka.
Duela hogei urte baino gehiago, 2004ko urriaren 3an, Burgosen atxilotu zuten Alcantarilla, kamioilari-lanetan ari zela. Garai hartan Urruñan (Lapurdi) bizi zen, eta Laurence Le Vert epaile frantziarrak agindutako operazio batean jo zuten bere kontra; elkarlanean jardun zuten Espainiako eta Frantziako estatuetako polizia-indarrek. Alcantarilla, zehazki, Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu zuen lau egunez, Madrilgo Tres Cantoseko kuartelean. Torturak zirela-eta, bere buruaz beste egiten saiatu zen bertan.
Espainiako zein Frantziako estatuetan salatu zituen torturak Alcantarillak, baina gertakariak ikertzeko eskariak artxibatu zituzten bietan, ohi bezala. Preso sartu zuten donostiarra, eta 2012ra arte ez zuten aske utzi.
Alcantarillak bere inkomunikazioan ikusi zuen torturatzaileetako bat da Perez de los Cobos. 2019ko martxoan telebistan ikustean ezagutu zuen: koronelak Kataluniako erreferendumaren auziaren harira deklaratu zuen Auzitegi Gorenean, eta telebistan agertu bezain pronto identifikatu zuen biktimak. Bere inkomunikazioan, ziegatik igaro zen arduradunetako bat Perez de los Cobos izan zela azaldu zuen Alcantarillak. Gogorarazi zuenez, guardia zibilek plastikozko poltsa bat jarri eta modu horretan hitz egitera behartu zutenean, "eskerrik asko, komisario" esan zuen koronelak.
Alcantarillak Behatokiari eskatu zion kasua iker zezala, urtearen hasieran. Azterketan, besteak beste, Perez de los Cobosek garai hartan zuen botere-postua nabarmendu dute. Hainbat operaziotan parte hartu zuen, Naiz-ek jaso duenez: Kepa Urraren atxiloketan, Joxemi Bustinzaren eta Gaizka Gaztelumendiren erailketa ekarri zuen Bilboko (Bizkaia) operazioan, eta abar.