Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) irakasle eta Partido Comunista de Españako (PCE) militante batek, Fernando Harto de Verak, familia bat etxegabetu zuen joan den udan Vallecasen (Madril). Harto de Veraren jabetzako infraetxebizitza batean bizi izan da familia, legez kanpoko alokairuan. Vallecaseko Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH), La Villana de Vallekas kolektiboak eta UCMko Hibris ikasle-antolakundeak uztailaren 1ean salatu zuten gertatutakoa.
Azpietxebizitzak 30 metro karratu ditu, eta ez dauka bizigarritasun-zedularik ere. "Euria egiten duen bakoitzean urez betetzen da, eta erabat osasungaitza da", azaldu zuen La Villana de Vallekasek X sare sozialean. "Hori da errentismoaren zigorgabetasuna. 500 euro hilean, ama langile bati eta haren alabari [etxe] hori alokatzeagatik", ondorioztatu zuen kolektiboak, zientzia politikoetako irakasleak alokatutako bizitokiaren irudiak erantsita.
Ama batek eta haren alabak osatzen dute familia. Vallecaseko PAHk bere X kontuan salatu zuenez, Harto de Verak iruzur egin zien eta, ondoren, etxetik bota zituen, beste aukerarik eman gabe. Familiak behin eta berriz eskatu zion alokatzaileari hilabete bateko edo biko denbora, beste bizitoki-alternatiba bat aurkitu ahal izateko, baina jabeak ez zien jaramonik egin.
PCEk eskuak garbitzen ditu
PCEk Puente de Vallecasen duen taldea honela desenkusatu zen gertatutakoa salatu zen egun berean, ohar baten bidez: "Azpietxebizitza horren jabea PCEko eta IUko ustezko militantea dela jakin genuenez, gure nukleoak jada eskatu dizkio eskualdeko zuzendaritzari, kautelazko neurri modura, [Harto de Verari] militantzia eteteko neurriak, ikerketa-neurriak eta berme-batzorde bat sortzeko neurriak; gertakariak argitzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko".
Tonu burokratiko batekin, taldeko kideek gaineratu zuen "eskualdeko zuzendaritza kasua aztertzen ari dela"; edo hori "ulertzen" zutela. Dena den, harrezkero ez da ezer gehiago jakin: ez dute balizko neurri zehatzen berri eman, eta ez PCEk ez Harto de Verak ez dute auziari buruzko adierazpenik egin.