AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Osteguneko martxaren irudi bat. Argazkia: IAS
2020/02/24 11:18

Aurreko ostegunean, hilak 20, Iruñeko (Nafarroa) Paz de Ziganda ikastetxera martxa bat egin zuen Iruñerriko Autodefentsa Sareak, bertako ikasleek bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, haien askatasun politikoak "sistematikoki urratuak" direla azaldu dute IASeko kideek. Hala, "propaganda politikoa egiteko askatasun osoa" aldarrikatu asmoz, ostegunerako paroak eskatu zituzten Iruñerriako hainbat ikastetxetan, eta zutabeak osatu ostean, 150 ikasle inguru bildu ziren Paz de Zigandan.

Propaganda politikoa egiteko ikastolan indarrean dagoen debekua salatzeko, propapagandaz bete zuten hezigunea bertaratutako ikasleek. Askatasuna eta Berriozar ikastetxeetan ere egoera antzekoa dela diote, baina Paz de Zigandari dagokionean, bi aldarri nagusi plazaratu berri ditu IASek: batetik, "propaganda politikoa egiteko askatasun politiko osoa", eta bestetik, "IASen jardunaren aurkako mehatxuak amaitzea".

ELKARRIZKETARIK EZ ETA OZTOPOAK

Aurretik, ikasleek Paz de Zigandako zuzendaritzari proposatu zioten elkarrizketa mahaia osatzea, askatasun politikoen auziaren inguruan hitz egiteko. Zuzendaritzak, baina, uko egin zion eskaerari. Osteguneko martxaren barruan, IASen asmoa zen zuzendaritzako kideei berriro proposamen berdina egitea, baina ikasleak bulego aurrera iritsi zirenean, ez zieten atea ireki. Hortaz, ezin izan zieten esku artean zuten gutuna helarazi zuzendaritzakoei. IASek salatu du "ikastolako arazoei konponbidea bilatzeko eta ikasleen parte hartzea sustatzeko prestutasunik ez" duela zuzendaritza taldeak, birritan baztertu baitu ikasleekin hitz egiteko aukera.

Autodefentsa sareak gogor gaitzetsi du Paz de Zigandako ikasleen aldarrien aurrean bertako zuzendaritzak hartu duen jarrera, "ikasleak etorkizunean pertsona autonomoak eta gizartearekin konprometituak izateko hezteaz hitz egin eta hezkuntza eredu propio eta parte hartzailea sustatzea aldarrikatzen duten bitartean".

Bestalde, osteguneko paroa eskatzeko zuzendaritzak "oztopoak" jarri zituela ere azaldu dute ikasleek. Aurkakotasun hori era isolatuan ulertzetik urrun, "askatasun politikoen aurka duen jarreraren beste adierazpen bat" dela diote. Gainera, IASek azpimarratu du paroaren inguruko erabakia hartzeko bildu egin zirela Iruñerriko ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, hautu bateratua egiteko. Azkenean, paroak onartzea ebatzi zuten.

JAZARPENA ETA ZAZPI IDENTIFIKATU

IASek salatu duenez, orotariko Poliziaren jazarpena hasieratik izan zen nabarmena ostegunean. Esaterako, Nafarroako Hezkuntza Sailak aurreneko ordutik kokatu zuen Foruzaingoa hainbat ikastetxetan, tartean, Paz de Zigandan eta Askatasunan. Ikastetxe desberdinetatik ikasleen zutabeak abiatu zirenean ere bere horretan jarraitu zuen jazarpenak; besteak beste, Iturramatik atera zen zutabea gelditu egin zuen Espainiako Poliziak, eta lau ikasle identifikatu zituen. Martxa bateratua Paz de Zigandarantz irten zenean ere atzetik izan zuten Espainiako Polizia ikasleek, une oro.

Paz de Zigandara iritsi eta propaganda jartzeari ekin ziotenean, Foruzaingoak gelditu zituen ikasleak, eta haietako bat identifikatu zuten "arduradun modura". Ekimenaren amaierarekin, ordea, ez zen jazarpena bukatu: Atarrabiako Udaltzaingoak beste bi kide identifikatu zituen beranduago. Guztira, beraz, zazpi pertsona identifikatu zituen Poliziak.

IKASLEAK TINKO

Ostegunean ere ez zuen ikasleekin hitz egin nahi izan Paz de Zigandako zuzendaritzak; hala, prentsaurreko bidez eman zion amaiera paroari IASek. Agerraldian azaldu zutenez, hainbatetan erakutsi dute IASeko kideek elkarrizketarako prestutasuna, eta berretsi egin dute borondate hori. Orain, "egoera desblokeatzea eta gatazkari amaiera ematea" zuzendaritzaren esku dagoela diote ikasleek, eta konponbiderako borondaterik agertzen ez duen bitartean, euren aldarriei "irmotasunez" eutsiko diete.

IASek urte hasieran jarri zuen martxan askatasun politikoen aldeko borroka, Berriozarren, Askatasunan eta Paz de Zigandan. Berriozarko zuzendaritzak ere uko egin zion elkarrizketa mahaia sortzeko eskaerari.