Gaur, maiatzak 15, bosgarren eguna beteko du gose eta egarri greban Patxi Ruiz preso politikoak. Astelehenean hasi zuen borrokaldia txantrearrak, presoen eskubideen defentsan, eta kartzelako zuzendaritzak, 8. moduluko buruak eta espetxezainek egindako mehatxuei erantzuteko. Ruizek telefonoz deitu zien atzo senideei, eta jakinarazi zien oraindik ez duela kartzelako medikuaren bisitarik jaso. Gainera, oraindik ez diote bere konfiantzazko medikuekin harremanetan jartzeko baimenik eman.
Bi egunetan ez du txizarik egin, eta beraz, aurreikusi daiteke ez duela urik gorputzean eta giltzurruna dagoeneko kaltetuta egon daitekeela.
Bestalde, Murtzia II presondegiko zuzendaritzak atzo esan zion Ruizi ez zuela gose eta egarri grebaren konstantziarik. Paper bat helarazi zioten, bere egoera azaldu eta sinatu zezan. Patxik uko egin zion horri; izan ere, bere abokatuak espetxearekin harremanetan egon dira greba hasi zuenetik, eta zaintza epaileari ere eman dio bere egoeraren berri.
"TXAPEOA" ETA JANARIARI UKO
Uneotan, "txapeoa" ari dira egiten Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado preso politikoak. Sevilla II espetxean dute preso Aginaga, eta Preciado, Kordoban. Mikel San Sebastian, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoei dagokienean, uko egiten ari dira janariaren bandejari. Murtzia II-n dago giltzapean San Sebastian, eta Pastor, Barreras eta Cotano, Puerto III-n.
GREBALARIAK ONDARROAN ERE
Atzo, maiatzak 14, gose grebari ekin zioten Ondarroako (Bizkaia) lau gaztek, "presoek bizi duten egoera gogorraren aurrean ahal dugun neurrian kanpotik ere laguntza eman behar diegula" azalduta. "Toki itxi batean" elkartu dira.
Gose greban jarraitzen dute AAEAMeko lau kidek ere, "Bizkaiko lokal batean". Hirugarren eguna dute gaurkoa.
ELKARRETARATZEAK EUSKAL HERRIAN
Bilbon (Bizkaia) edota Baztanen (Nafarroa) protestak egin ostean, atzo Ruizen auzoan hartu zuten kalea haren auzokideek, Txantrean (Iruñea, Nafarroa). Gaur ere elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan, hala nola:
Biharko, aldiz, ondorengo deialdiak egin dituzte:
Argazkietan: Azpeitia (Gipuzkoa), Lekeitio (Bizkaia), Abadiño (Bizkaia), Ondarroa, Burlata (Nafarroa), Barakaldo (Bizkaia), Lizarra (Nafarroa), Bergara (Gipuzkoa), Tolosaldea (Gipuzkoa), Txantrea, Antiguo eta Egia (Donostia)...