Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an erail zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide, Pasaiako (Gipuzkoa) badian: Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Dalas Txapas. Poliziek 113 balaz josi zituzten bi azpeitiarrak eta bi iruindarrak.
Eraildako militanteen omenez, hainbat oroigarri daude Euskal Herriko zenbait tokitan, eta Azpeitian (Gipuzkoa) dago horietako bat, Enparan dorretxearen atzean hain justu. Hildako kideen senideek jakinarazi dutenez, berriki egin diote eraso Azpeitiko oroitarriari: plaka kaltetu dute.
Horrekin, Pasaiako segadan hildakoak gogoratzeko oroigarriei erasotzen dieten bosgarren aldia da, gutxienez. 2017an izan zen lehen erasoa: badian bertan jarritako informazio-panela kendu, txikitu eta bota egin zuten. 2018an, birritan kaltetu zuten panela palanka batekin lagunduta. Eta iazko udan, berriz, sarraskian eraildako kideak oroitzeko margolanei egin zieten eraso, Pasaiako badian orduan ere: espainiar bandera bat marraztu zuten bertan.