Espainiako Poliziak 1984an hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide —Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Dalas Txapas— Pasaiako (Gipuzkoa) segadan. Polizia-indarrek enboskada bat zeukaten prestatuta Pasaiako badian, eta 113 balaz josita hil zituzten bi azpeitiarrak eta bi irundarrak.
Sarraskiaren 38. urteurrenean, adierazpen bateratu bat argitaratu dute Oarsoaldeko, Urola Erdiko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek, Langile mugimenduaren oroimenean izenpean. Horretaz gain, ekitaldi politikoak antolatu dituzte Azpeitian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa). Pasa den martxoaren 19an izan zen Azpeitiko ekitaldia Esklabak Zentro Sozialistan; Iruñean, berriz, atzo oroitu zituzten eraildako lau militanteak Txantrea auzoan.
1984an, Espainiako Poliziak segadaren aurretik bahitu eta torturatu zuen Rosa Jimeno Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea, eta enboskadaren unean Kurro, Pelu, Pelitxo eta Txapas-ekin zen Joseba Merino militantea ere; enboskadatik bizirik irten zen kide bakarra da. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Azpeitian antolatutako ekitaldira bertaratu ziren Jimeno zein Merino, eta zuhaitz bat landatu zuten Esklabak Zentro Sozialistaren aurrean, hildako lau kideen omenez.
Langile mugimenduaren oroimenean
"Pasaiako sarraskia estatu kapitalistak militante politiko iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren kasu paradigmatikoa dugu", esan dute Oarsoaldeko, Urola Erdiko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek. "Borrokan bizia eman zuten iraultzaile guztiak" ekarri dituzte gogora, "eta bereziki, beraien konpromiso militantea eta borrokaren zilegitasuna".
"Iraganaren irakaspenak eta oroimena ezinbestekoak ditugu etorkizuna eraikitzeko, tartean, aipatzekoa da Mugimendu Autonomoak prozesu iraultzaileari egin zion ekarpena. Proletalgoaren emantzipazioa lortzeko, independentzia politikoaren beharra azpimarratu eta praktikara eraman zuten; hau da, langileriaren auto-antolakuntza", aldarrikatu dute hiru Kontseilu Sozialistek.
Nabarmendu dute, bestalde, "komuniston eginbehar etiko zein politikoa" dela "klase zapalkuntzarekin amaitzeko borrokan bizitza eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea, haien izenak eta borrokak langileriaren oroimen kolektiboan bizirik mantendu daitezen". "Iraultzak soilik egingo die benetako justizia", gaineratu dute.