AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / GUKA
2025/03/24 10:47

Aurten bete dira 41 urte Pasaiako (Gipuzkoa) sarraskitik, eta, azken urteetan egin bezala, Espainiako Poliziak eraildako Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak oroitu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Oraingoan ere egitarau bat antolatu du Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistan, segadaren urteurrenari lotuta: aurreko larunbatean izan zen. Mahai-inguru batekin eman zioten hasiera egitarauari, goizean: Errepresioaren aurpegi ezberdinak aztergai izeneko saioan hainbat errepresio kasu aztertu zituzten, eta errepresioaren hamaika formez eta gaurkotasunaz jardun zuten nagusiki. Joseba Merinok hartu zuen hitza mahai-inguruaren bukaeran; duela lau hamarkada Pasaiako erasotik bizirik atera zen militante bakarra da.

Kontseilu Sozialistak Oroimena borrokan eraiki hartu du lelotzat aurtengo egitarauan, eta horixe bera aldarrikatu zuten eguerdian Zentro Sozialistaren atarian egindako ekitaldian. 1984ko martxoaren 22an polizia-indarrek tiroz eraildako Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Dalas Txapas omendu zituzten, duela hainbat urte Esklabetan bertan jarritako oroigarriaren alboan: olerki musikatu bat eta hitzarte politiko bat izan ziren omenaldian, besteak beste.

"Memoriaren auziak eskubide politikoak defendatzeko eta hedatzeko ere balio behar du, iraultzarako eskubidea egikaritu artean", adierazi zuten Kontseilu Sozialistako kideek. Pasaian gertatutakoa, hain zuzen ere, "estatuaren izaera neutral eta baketsua gezurtatzeko" ariketatzat hartu zuten, "Pasaiako sarraskia gogoratzeak etsaia zertarako gai den inoiz ez ahaztea ahalbidetzen" duelako. "Bake faltsu honetara ohitu eta egindako borrokaz damututa bizitzera bultzatu nahi gaituzte, errealitate posible bakarra bizi duguna dela pentsatzeko", gaineratu zuten, bestalde: "Langile-klasearen emantzipazioaren alde dena eman zuten horien borrokatik ikasiz, basakeria kapitalista garai honetan beste mundu bat posible dela berriz sinets dezagun, kapitalismoaren aurka borrokan hil zirenen asmoak egi bilaka daitezen".

EZ DAGO IRUZKINIK