AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/22 10:21

39 urte luze igaro dira Pasaiako (Gipuzkoa) segadatik. 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Poliziak tiroz erail zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide: Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Dalas Txapas. Ondoren egindako txostenen arabera, guztira, 113 balaz josi zituzten bi azpeitiarrak eta bi iruindarrak.

Ia lau hamarkadaren ostean, auzia berriz ireki du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak: epaile baten aurrera eramango dituzte sarraskian parte hartu zuten hainbat polizia-agente, enboskadatik bizirik irten zen militante bakarrak identifikazio-saio baten bidez atzeman ditzan. Martxoaren 28an izango da saioa.

Ekitaldiak Azpeitian eta Iruñean

Urteurren honetarako ere hainbat ekimen antolatu dituzte Pasaiako segadan hildako kideen herrietan, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa). Urola Erdiko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialisten eskutik, eraildako lau militanteak oroitzeko ekitaldi politikoak izango dira larunbat honetan, martxoaren 25ean. 12:30ean izango da Iruñeko ekitaldia, Txantrea auzoko Peluren Txokoan. Azpeitian, berriz, 13:00etarako jarri dute hitzordua Esklabak Zentro Sozialistan.

Horretaz gain, Pasaiako sarraskiari eta "memoria historikoaren garrantziari" buruzko hitzaldi bat eskainiko dute gaur arratsaldean Txantreako Auzotegi espazioan, Kontseilu Sozialistak antolatuta. Imanol Satrustegik eta Dani Askunzek emango dute hitzaldia, 19:00etan hasita.

Langile mugimenduaren oroimenean

"Memoriaz mintzo dira batzuk zein besteak, baina iraganeko klase-borroka zikloen memoriak eginkizun ezberdinak betetzen ditu aho eta esku ezberdinetan", adierazi dute Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideek: "Estatu-aparatuek eta horien kudeatzaileek memoria historikoaz egiten duten erabilerak estatu-aparatuen irudia garbitzen laguntzen dute, instituzio horiek zapalkuntzaren aurka altxatutakoen ondorengo gisa identifikatuz".

Kontrara, "komunistok betebehar etiko eta politiko bati erantzunez aldarrikatzen dugu langile mugimenduaren memoria", Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren esanetan: "Betebehar etikoa, munduko txoko orotan dominazioaren eta zapalkuntzaren kontra borrokan aritu diren guztien borondatea gure egiten dugulako; borroka iraultzailearen zilegitasuna defendatuz eta bururaino eramateko konpromisoz".

"Esperientzia iraultzaileen aitortza egitea eta beren ekarpenak jasotzea dagokigu; borrokan bizia eman zuten iraultzaileak gogora ekartzea eta beren konpromiso militantea zein borrokaren zilegitasuna aldarrikatzea", gaineratu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Horri lotuta, "Mugimendu Autonomoak eta bere militanteek, langileriaren klase independentzia politikoaren bitartez, zapalduen askatasunaren alde aurrera eramandako borroka" nabarmendu du.

EZ DAGO IRUZKINIK