Energia berriztagarrien erabilerak gora egiten duen arren, erregai fosilei lotutako CO2 isurpenak igotzen jarraitzen du mundu mailan. Global Carbon Project (GCP) ikerketa-taldearen arabera, 2024ko CO2 emisioa 37,4 mila milioikoa izan da momentuz, iazko epe berdinean baino %0,8 handiagoa. Kritikatu duenez, emisioa txikitzea "berehalako eginbeharra den arren" klima-aldaketa moteltzeko, munduak ez du "isurpen maila gorena" jo oraindik. Parisko Akordioan CO2 isurpena txikitzea adostu zuten 2015ean, baina gora besterik ez du egin ordutik: %7,78 igo da.
Ikerketa-taldearen esanetan, isurtzea bera ez ezik, deforestazioa ere arazo larri bat da CO2aren pilaketari dagokionez. Hala, isurketak handitzen jarraituz gero eta deforestazio-prozesua geldiarazten ez bada, urte honen amaierarako, beste 4,2 mila milioi tona CO2 isuriko dira; 41,6 mila milioi tona, osotara. Iaz 40,6 mila milioi tona bota ziren munduan.
Landaren bilakaerari lotutako CO2 isurketak, batez beste, behera egin du azken hamar urteetan, baina erregai fosilek sortutakoek gora egin dute. 2024an, ordea, biak igoko direla nabarmendu dute zientzialariek, Haurra deituriko fenomeno atmosferikoaren ondorioak direla-eta. Izan ere, deforestazioa eta basoen degradazioa eragin ditu horrek.
Planetaren batez besteko tenperatura-igoera: 1,5ºC-tik gora
Tenperatura batez beste 2ºC igo ez dadin, "COP29ak erregai fosilen erabileraren murrizketa azkarra eta sakona" ezarri behar du, Global Systems Institute-ko Pierre Friedlingsteinek nabarmendu duenez. 1,5ºC-ko igoera ekiditeko aukerak, baina, ia desagertu egin dira GCP taldearen arabera. "Karbono-aurrekontua" behin eta berriro hautsi da azken urteetan, eta, ondorioz, ia ezinezkoa da 1,5ºC-ko igoera ez gainditzea: %50ekoa omen da probabilitatea.
Parisko Akordioan 1,5ºC-ko gehienezko muga zehaztu zuten, klima-aldaketaren "kalterik handienak" ekidin ahal izateko. Batez besteko tenperaturak gora egin eta 2ºC-ko igoera iritsi ahala, klima-aldaketaren ondorioak are larriagoak izango direla ematen du, eta kalte horiek saihesteko epea "ia joan egin da", zientzialarien arabera.
Ikatza, pertrolioa eta gasaren erabilera gora
Deskarbonizazio-prozesuak aurrera egin duela saltzen den arren, hiru erregai fosilen erabilerak gora besterik ez du egin azken urteetan, eta 2024a ez da salbuespena. %0,2 igo da ikatzaren erabilera, %0,9 petrolioarena eta %2,4 gasarena, eta hurrenez hurren, CO2 isurpenaren %41, %32 eta %21aren arduradunak dira, GCPren arabera.
Txina da, zalantzarik gabe, erregai fosilekin zerikusia duen isurpenik handiena duen herrialdea. Munduko CO2 emisioen %32ren arduraduna da Txina, iaz baino %0,2 gehiago. AEBak dira hurrengoak, emisioen %13 baita eurena, eta %0,6 handitu da kantitatea azken urtean.
India isurketa globalen %8ren arduraduna da, eta kuota gehien handituko duen herrialdea da antza, %4,6 areagotzea espero da-eta. Europar Batasunetik isurtzen da munduko emisioaren %7, iaz baino %3,8 gehiago bota baitu.