AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / français.es
2025/02/27 07:53

Ukrainan su-etena ezartzen bada, Frantziako Errepublikako eta Erresuma Batuko gobernuek bertan tropak zabaltzeko aukera jarri dute berriz mahai gainean, iturri diplomatikoek The Guardian egunkariari jakinarazi diotenez. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazpen publiko batean azaldu duenez, proposamenak 30.000 eta 150.000 soldadu artean mobilizatzea barne hartzen du, "bakeari eusteko eta [Ukrainako] gune jakin batzuetan segurtasuna bermatzeko".

Hedapen militar hori ez litzateke NATOren aterkipean egingo, eta, beraz, "Frantziak eta Erresuma Batuak ezin izango lukete 5. artikulura jo, erasorik gertatuz gero". Horretaz ohartarazi du Michael Kofman Carnegie Endowment for International Peace erakundeko analistak, besteak beste. Planteamenduak, hala, zalantzak sortu ditu Europar Batasuneko hainbat herrialderen artean. Berlindik, Varsoviatik eta Madrildik mugimenduan parte hartzeari uko egin diote, eta beste gobernu batzuek oraindik ez dute jarrera ofizialik hartu.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "200.000 soldaduko indar baten beharra" azaldu du, baina analistek uste dute "30.000 eta 50.000 soldadu arteko misio bat nahikoa izan daitekeela sektorerik ahulenak betetzeko", Claudia Major SWP ikerketa-taldeko kidearen esanetan. The Guardian egunkariak dioenez, misioaren helburu nagusietako bat izango litzateke "Itsaso Beltzeko itsas-merkataritzaren segurtasuna bermatzea eta Ukrainako aire-eremua hegaldi komertzialetarako irekitzea".

Errusiak publikoki baztertu du Frantziaren eta Erresuma Batuaren proposamena: Sergei Lavrov Atzerri ministroak adierazi du Moskuk ez duela baimenduko "atzerriko tropen presentzia Ukrainan". Kremlinek berretsi du Europako indarren hedapen militar oro "gatazkaren gorakada zuzena" izango litzatekeela; eta oraingoz, gainera, Europar Batasunean ez dago adostasunik planaren inguruan.

EZ DAGO IRUZKINIK