Ez dute etenik batzuek "zibil israeldartzat" jotzen dituzten horiek egindako eraso faxistek. Palestinarren kontrako genozidioaren parte dira "zibilak", eta egunerokoan erakusten ari dira hori: azken asteetan, adibidez, etengabeak izaten ari dira kolono sionistek palestinarrentzako laguntza humanitarioari egindako erasoak.
Bata bestearen atzetik ikusi ditugu erasoak: Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa helarazi nahian ari diren ibilgailuak oztopatzen ari dira kolonoak, bai errepideetan harriak jarrita, bai bideak moztuta. Berriki, gainera, harago ere joan dira eraso faxistak: kamioi bat geratu eta gainean zeraman laguntza humanitarioa (hala nola elikagaiak) suntsitu dute "zibil" sionistek, barre eta iseka artean. Hala erakusten dute sare sozialen bidez zabaldu diren hamaika irudiek.
Hainbat hedabideren arabera, azken eraso hori egin duten kolonoak Tzav 9 talde faxistakoak dira. Erreserbista talde bat da, antza, eta palestinarren kontrako halako eraso gehiago egin ditu aurretik ere.