AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / NUP
2025/09/26 23:24

Palestinako erresistentzia armatuak, Mendebaldeko iturriek defenda dezaketeenaren aurka, palestinarren gehiengoaren babes sozial sendo eta iraunkorra du, azken urteetako inkestek eta datuek erakusten dutenez. Palestinako Politika eta Inkesten Ikerketarako Zentroak 2023an argitaratu zuenez, Gazan eta Zisjordanian bizi diren palestinarren %73k (haien artean ikasleen %80k) "borroka armatua" babesten zuten bitarteko bideragarri gisa. Zifra hori, gatazkaren giza-kostuak eta armada sionistaren xantaia-kanpaina gorabehera, %63an mantendu zen 2024an. Kontaketa horiek, gainera, diasporan bizi diren palestinarren iritziak kontuan hartu gabe egin dituzte, errealki, erresistentzia armatuaren aldekoen zifra baxuagoak emanez.

Babes soziala ekintza zehatzetan gauzatzen da, erresistentziaren eta gizarte zibilaren arteko integrazio sakona agerian utziz. Doha institutuaren ikerketek erakusten dutenez, 2023ko urriaz geroztik, 15.000 boluntario baino gehiago agertu dira prest operazioetan parte hartzeko, eta Gazako familien %40k erresistentziako militanteak ezkutatzen lagundu dutela kalkulatzen da. Horrez gain, 25.000 bat zibilek osatutako sostengu logistikoko sare sendo bat du erresistentziak Gazako Zerrendan, Washington Institutek dioenez.

Herritarren babesak erresistentziaren gaitasun militarren hazkunde esponentziala ahalbidetu du hamarkadetan zehar. 1987an 500 borrokalari izatetik, 40.000 baino gehiago izatera igaro dira gaur egun. Era berean, etxean egindako suziriak jaurtitzetik, irismen estrategikoa duten milaka suziriz osatutako armategi bat edukitzera pasatu dira, lurpean eraikitako 50 armarekin baino gehiagorekin; eta hori logistikoki mantentzea ahalbidetu duen 700 kilometroko tunel sare zabal bat daukate martxan, Reuters-en esanetan.

Gaza azpian dagoen tunel sare hori historia garaikidean eginiko zabalena eta konplexuena da, 5.700 sarrerarekin, eta Israelgo Estatuko armadak berak behin baino gehiagotan berretsi duenez, bere operazio militarretatik defendatzeko ezinbestekoa izan da tresna hori borrokalari palestinarrentzat. Aurreko guztiarekin, ACLEDek emandako datuek erakusten dute, Israelgo Estatuak dauzkan baliabide militarretatik oso urrun egonda ere, erresistentziaren operazioetako biziraupen-tasa %72koa dela.

Alfabetatze-tasa ia erabatekoa

Palestinako erresistentziak azken hamarkadetan ahalbidetu eta bultzatu dituen baldintzak daude, besteak beste, palestinarren artean daukan babes zabalaren atzean. Sionisten okupazioak, hasieratik, palestinarren oinarrizko bizi-baliabideei erasotzea bilatu badu ere (horren adibide garbiena azken ofentsiban ikusi ahal izan da, eskolen %97 suntsitu baitituzte Zerrendan), UNESCOk argitaratutako datuen arabera, %99,4ko alfabetatze-tasa mantentzea lortu dute gazterian. Goi-hezkuntzara sartzea lortzen duten palestinarren ehunekoa, 1993tik 2011ra, %940 hazi zen; hain zuzen ere, erresistentziak garapen-mailarik altuenak eduki zituen urteetan.

EZ DAGO IRUZKINIK