AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/17 11:33

Joan den urriaren 15ean, jendetza irten zen kalera Palestinaren aldeko mobilizazio-egunean: iturri batzuen arabera, 110.000 pertsona inguru mobilizatu ziren Euskal Herrian. Besteak beste, Palestinarekin Elkartasuna plataformak egin zituen manifestazioak eta bide-mozketak egun horretan: "Mobilizatzeko eta normaltasunarekin hausteko eguna izanik, ehunka herritarrek hiriburuetako etorbide garrantzitsuak hartu ditugu, ekimen desobedienteen bidez. Izan ere, hori da langileok gure eskura dugun tresna nagusietako bat; Israelera doazen armen edota trenen ekoizpena etetea eta hiri zein herrietako normaltasunarekin haustea".

Mobilizazio-egunaren biharamunean egindako balorazioan, plataformak nabarmendu du "beste behin ere argi geratu" dela "genozidioa behin betiko gelditzeko eta Israelekin harreman oro eteteko aldarriak indar handia duela". Uste du urriaren 15ak erakutsi duela "langileriak bere esku dituen tresnak erabiltzeko borondatea duela", eta Euskal Herriko sindikatuek "lanuzte partzial eta sinboliko batera deituta ere", jendarteak "era masiboan erantzun" duela.

Horiek horrela, Palestinarekin Elkartasunak ondorioztatu du "Palestinaren alde ekoizpena blokeatu dezakeen Greba Orokorrerako baldintzak existitzen direla", eta berriz kritikatu du euskal sindikatuen jarrera, greba orokor bat antolatzeari uko egin izanagatik: "Ez liokete, testuinguruak hala eskatzen duen momentu batean, langile askoren eskakizun horri entzungor egin behar".

Poliziaren jazarpena

Urriaren 15ean polizia-indarren identifikazioak, jazarpena eta kargak jasan zituzten manifestariek. Plataformak, beraz, Poliziaren indarkeria salatu eta babesa eman die jazarritako pertsonei; besteak beste Donostian (Gipuzkoa) Jose Antonio Agirre zubia moztu ondoren Ertzaintzak jarraitu eta atxiki zituen kideei, eta Iruñean Espainiako Poliziaren kargak pairatu zituzten lagunei. Izan ere, asteazken goizean, Israelen konplize den Burger King seinalatzen ari zirenean oldartu zen Polizia; eta arratsaldean, berriz, PSNren aurrean egindako elkarretaratzearen ondoren manifestariak mugitu zirenean izan ziren kargak, Corte Ingles inguruan.

"Genozidioa eta kolonizazioa gelditzeko, konplizeak diren enpresa, instituzio eta alderdiak seinalatzea ezinbestekoa da, eta horren aurrean Poliziak izandako jarrera onartezinak manifestari guztien segurtasuna ezbaian jarri du", salatu du Palestinarekin Elkartasunak.

EZ DAGO IRUZKINIK