Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) gaur egin du ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean. Bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria (EAJ) eta Joxerramon Bengoetxea errektorea; baina Palestinaren aldeko aldarriek markatu dute gaurko ekitaldia.
Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak deituta, protesta jendetsu bat izan da Aulariopean 11:00etan hasita, EHUren ekimenaren ondoan. Palestinar erresistentzia aldarrikatzeko eta Eusko Jaurlaritzak eta EHUk estatu sionistarekin duten konplizitatea salatzeko mobilizatu dira hainbat eta hainbat ikasle.
Errepresio-indarren presentzia handia izan da mobilizazioaren aurka, eta tentsio-uneak sortu dira, ikasleak Palestinaren aldeko aldarriak ekitaldira sartzen saiatu baitira, irmotasunez. Segurtasun-indarrek osatu dute haien aurkako lerro bat lehenengo, eta Ertzaintza bertaratu da gero, gazteen protesta ekitalditik urruntzeko asmoz. Dena den, ikasleen oihuak eta EHUko eta Jaurlaritzako ordezkariei egindako txistuak ozen nagusitu dira campusean.
Poliziaren jazarpena ikasleei
Mobilizazioa bukatu denean, ikasle batzuei jarraitu die Poliziak. Autobus batera igo diren gazte batzuek jasan dute jazarpenik larriena: autobusari atzetik jarraitu dio polizia-ibilgailu batek, eta gidaria ibilgailua gelditzera behartu ostean, aurpegia estalirik zuten agente batzuek bertatik jaitsiarazi dituzte bi ikasle, kanpoan identifikatzeko.
"Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu"
Global Sumud Flotillaren alde, ikasleen artean ere hedatzen ari da elkartasun-olatu bat, eta dinamika bat abiatu dute nazioartean: ontzidia eragozten badute, unibertsitateak geratuko dituztela esanez egin dute mehatxu Europako hainbat eta hainbat ikasle-mugimenduk. IAk ere bat egin du ekimenarekin Euskal Herrian.